Mikel Arruti Salaberria, Lezoko alkate berria

La, 2023-06-17 12:47

Lezoko Udalbatza berria osatzeko eta alkatea hautatzeko plenoa gaur goizean izan da.

Plenoari hasiera eman eta zinegotzi karguei zin egin ondoren, bozkaketan Laura Martinenez 4 boto jaso ditu, txurian bat egon da eta Mikel Arrutik 7 bozka jaso ditu. Hortaz, Mikel Arruti Salaberria da Lezoko alkate berria. Lezoarra da bera, 1977an jaioa.

Zumitzezko uztaia eman dio orain arteko alkate izan den Jesus Mari Martiarenak (EAJ). 

Bere lehen hitzak ondorengoak izan dira: "Ohore bat da Lezoko alkatea izatea. Taldean egin beharreko lana da eta izan dezakedan talderik onena daukat nirekin".

"Eskerrik asko udal hauteskundeetan gure taldeari, Lezoko EH Bilduri, bozka eman zenioten herritar guztiei, eta baita beste aukera baten alde egin zenutenei ere. Herritar guztiak kontuan hartuz gobernatuko dugu, apaltasunez eta herritarrekin harreman zuzena izanez. Guretzako udalgintzan aritzea herrigintzaren beste arlo bat da, arlo garrantzitsua. Baina herrigintzaren benetako motorra herriko elkarte, eragileak eta herritar konprometituak dira."

"Lezon ez dugu aginte makilik ematen, gu ez garelako agintariak, gu herritarren ordezkariak gara. Zumitzezko uztaiak ongi irudikatzen du gobernu talde batek egin behar duen egiteko modua. Borobila da, ertzik gabea, herritarrak erdigunean izan ditzagun, inor iskin batean utz ez dezagun. Sendoa da, aurrean ditugun erronkei sendotasunez erantzuteko baina aldi berean malgua da, egoera zaurgarrian dauden herritarren aldeko politikak malgutasunez gauzatu ditzagun. Irekia da, gainerakoen iritziak, ideak, proposamenak entzun, jaso eta kontuan har ditzagun. Gardena da, gardentasunez lan egin dezagun eta guztiona den dirua zertarako baliatzen dugun eta nola kudeatzen dugun herritar orok jakin dezan. Azkenik, zuntz asko kiribilduz osaturik dago, guztion lana beharrezkoa delako gure herriaren alde egiteko: herritarrak, elkarte eta eragileak, alderdiak eta Udala. Elkarlanean aritu behar dugu Lezo indartsu aurrera egin dezan. Horrela ulertzen dugu Udal baten jarduna eta horrelakoa izango da gure gobernatzeko eredua: aurrerakoia, feminista, independentista eta euskaltzalea den proiektua. Proiektu hori da herritarren esku jarri nahi duguna. Guztion artean, Lezo herri biziago eta bizitzeko atseginago bat eraikitzen jarrai dezagun".

Mikel Arrutik bere familiari eskerrak eman nahi izan dizkio beraien babesagatik.

Ezker independentismoak alkatetza hartzen duenean egiten den ohiturarekin jarraitu du Arrutik eta bertsoa bota du. Ondoren, alkatea eta udal gobernu berria plazara atera dira, herritarrei eskerrak ematera eta zumitzezko uztaia eskaintzea. Aurreskua dantzatu diote bi dantzarik, Estanis Karrerak txistua eta danbolinarekin lagunduta.

Amaitzeko familia argazkia atera dute.

Jesus Mari Martiarenak ez duenez bere zinegotzi kargua hartu, Ion Pombar izango da bere ordezkoa. 2023-2027 agintaldian Lezoko Udalbatza osatuko duten zinegotziak: zazpi EH Bildukoak dira, bost EAJkoak, eta PSE-EEko bat.

Udalbatza berria:

- Mikel Arruti Salaberria (alkatea) (EH Bildu)

- Miren Ormazabal Urkizu (EH Bildu)

- Aitzol Saizar Viaña (EH Bildu)

- Eneritz Arruti Osanbela (EH Bildu)

- Iker Salaberria Urkizu (EH Bildu)

- Mireia Kuesta Unzain (EH Bildu)

- Jon Legorburu Arrastua (EH Bildu)

- Laura Martinez Vizuete (EAJ)

- Juan Luis Urkizu Urretabizkaia (EAJ)

- Alaitz De la Maza Falque (EAJ)

- Irlentz Ortega Ugalde (EAJ)

- Ion Pombar Hospitaler (EAJ)

- Joxean Sanchez Gallardo (PSE-EE)

Arloa edo saila