Pintaketak, berriro, Lezon

Or, 2019-08-09 13:17

Udaletik, beste behin, aipatu ekintzak gaitzetsi dituzte eta guztionak diren eremu publikoak errespetatuak izan daitezen eskatu dute.

Honelako ekintzek, egungo gizartean lekurik ez dutela eta bizikidetza oztopatzen dutela ere gehitu du eta garbiketa kostuak herritar guztien poltsikotik ordaindu behar direla gogorazi du.

Beste behin, Lezoko udaletxea pintadez josita azaldu da eta ildo horretan, Udalak irmoki gaitzetsi ditu ekintza horiek. “Larritzekoa eta kezkatzekoa da, egunez egun, bizikidetzaren eraikuntzan lanean dihardugunean, horrelako erasoak jasaten jarraitzea. Ekintza horiek ez dute ez zentzurik eta ez lekurik ere gure gizartean eta bizikidetza eta elkarbizitza oztopatu besterik ez dute egiten”, adierazi dute udal ordezkariek.

Garbiketaren kostua, herritarren poltsikotik

Tamalez, ez da lehen aldia herrian pintaketak egiten dituztela eta horien garbiketa kostuak, gainera, guztion poltsikotik ordaindu behar direla nabarmendu dute Udaletik. Hori dela eta errespetua eskatu dute, errespetua eremu publikoekiko eta errespetua gainerako herritarrekiko.

Herriko ondarea kaltetuta

Herriko ondarea da herri bati balioa, izaera eta nortasuna ematen diona eta herritar guztiona da. Lezon, ordea, gure herria eta beraz, gure ondarea zaindu ordez, zenbait lagunek pintadak egiten dituzte, herria eta ondare hori kaltetuz.

Pintaketek gainera, estetikoki kalteak eragiteaz gain, balioa ere kentzen diote ondareari. Izan ere, sarritan ez da erraza izaten pintaketa horiek garbitzea eta erabiltzen diren produktuak, bai pintaketak egiteko, eta baita horiek garbitzeko ere, oso gogorrak izaten dira eta atzera bueltarik ez duten kalteak eragiten dituzte paretetan.

Arrazoi horregatik, beste behin, guztionak diren eremu publikoak errespetatuak izan daitezen eskatu du Udalak horrelako ekintzek herritar guztiengan dutelako eragina. Udaletik errespetuaren eta bakearen alde egin dute elkarbizitzaren oinarrizko printzipio eta baldintza gisa.

 

Arloa edo saila