Udalak Aiton Borda taberna ustiatzeko esleipen prozesua zabaldu du

Az, 2020-12-23 14:03

Esleipenaren barne daude, halaber, lokalaren atezaintza eta garbiketa lanak.

Interesdunek urtarrilaren 14a arte izango dute eskaera aurkezteko epea eta esleipena urte beterako izango da, nahiz eta beste 3 urte luzatzeko aukera egongo den.

Lezoko Udalak Aiton Borda taberna zerbitzua ustiatzeko esleipen prozesua abiarazi du eta interesdunek urtarrilaren 14a arte izango dute eskaera aurkezteko epea.

Orain arte egin bezala, Udalak beregain hartuko ditu mantenu-gastuak, hau da; ura, argindarra eta abar. Era berean, Udalak 500€ emango dizkio ustiatzaileari, Aiton Bordako garbiketa eta atezaintza lanengatik. Horrez gain, Udalak ezarriko ditu salmenta prezioak eta ustiatzailea arduratu beharko da produktuak eskuratzeaz.

Gauzak horrela, ustiatzaileak ondorengo zerbitzuak bete beharko ditu:

  • Kafetegi zerbitzua (edari hotzak eta beroak), eta sukaldea, beti ere osasunari dagozkion araudiak beteaz.
  • Zerbitzuaren emate egokia.
  • Tabernaren eta Jubilatuen Elkartearen alboko beste aretoen garbiketa
  • Jubilatuen Elkarteko atezaintza zerbitzua

Esleipena urte beterako egingo da eta, ondoren, urtez urte esleipena luzatzeko aukera egongo da, nahiz eta gehienez hiru urtetarako esleituko den.

Esleipen prozesu honen informazio gehiago jasotzeko, kontsultatu hemen

Arloa edo saila