Azaroaren 25eko egitarauak bi astez josiko ditu sareak Lezon. Herriko mugimendu feministarekin batera antolatutako egitarauan parte hartzera gonbidatu ditu Lezoko Udalak herritar guztiak.
Indarkeria Matxistaren aurkako Nazioarteko Eguna izango da datorren astean. Hausnarketarako, elkarlanerako eta kontzientziaziorako eguna izateaz gain, indarkeria matxistaren aurkako borrokarako egun garrantzitsua da. Azaroaren 25ak emakumeenganako indarkeria agerian jarri eta egungo gizartearen lehen mailako arazoa dela ikusarazten du.
Hori dela eta, azaroaren 18an hasi eta 30ean amaituko den egitaraua prestatu du Lezoko Mugimendu Feministak, Lezoko Udalaren laguntzarekin. Egitarauak izaera anitzeko ekimen ugari jasotzen ditu. Ekimen horiek herritarren kontzientziazioa areagotzeko eta elkartasun sareak indartzeko helburua dute, eta herritar guztientzat dira. Hortaz, lezoar guztiak parte hartzera eta aldarriekin bat egitera gonbidatu ditu antolakuntzak.
Asteartean, hilak 18, hasiko da egitaraua Lezoko Udalak gurasoentzat antolatutako prestakuntza-zikloaren bigarren saioarekin. 'Seme-alabekin indarkeria matxistaren gaiari nola eutsi' saioa izango da, Idoia Lekueren eskutik, 18:00etan Kultur Aretoan. Azaroaren 25a ate-joka dagoen honetan gaia nerabe zein haurrekin lantzeko gurasoei tresnak eta baliabideak eskainiko dizkie.
Azaroaren 25ean ekitaldi nagusia izango da eta jarraian kantujira antolatu dute herrian zehar. 19:00etan hasiko da Karlos Saldise Plazan.
Hilaren 26an 'Indarkeria matxista eta ezgaitasuna' hitzaldia eskainiko du Rosa Ugaldek, Elkartuko adituak, 18:00etan Kultur Aretoan.
Azaroaren 27an, Beatriz Egizabal aktorearen “Gregoria” bakarrizketa ikusteko aukera izango da Gezala Auditoriumean, 19:30ean. Umorerik falta ez zaion hausnarketarako ikuskizuna.
Azkenik, azaroaren 30ean "Norbere mundu intimo" ikuskizuna izango da Gezala Auditoriumean, Mirari Martiarena eta Ane Labakaren eskutik. Bakarrizketa eta bertsoak uztartzen dituen emanaldia da.
Horrez gain, azaroaren 24tik 30era bitarte merkataritza establezimenduen ateetan zapata gorriak uzteko gonbidapena egin dute antolatzaileek.
Beraz, egitarau oparoa izango da aurtengoa. Hori dela eta, Lezoko Udaleko Berdintasun Sailak eskerrak eman nahi dizkie aldarrikapen egunera atxikitako eragile guztiei eta parte hartzera gonbidatu nahi ditu herritar zein eragile oro.