BERDINTASUN PLANA HERRITARREKIN DISEINATUKO DU LEZOKO UDALAK

Ar, 2026-04-21 15:02

Lezoko Udalak IV. Berdintasun Plana diseinatzeko prozesua abiatuko du, plan eraginkorra eta partekatua izan dadin, lezoar guztiak gonbidatu ditu Lezoko Berdintasuna ardatz izango dituen bi parte-hartze saiotara. 

Berdintasun Planaren helburua da herrian emakumeen, pertsona ez-bitarren eta gizonen arteko berdintasuna sustatzen jarraitzea, orain arte egindako lana ebaluatuz eta etorkizunerako erronka nagusiak identifikatuz.

Horretarako, herritarren, eragileen eta kolektiboen parte-hartzea sustatu nahi du Lezoko Udalak, ikuspegi anitzak jaso eta Lezoko eguneroko bizitzan berdintasunak dituen eraginak sakonago ulertzeko.

Berdintasuna ez da eremu jakin batera mugatzen, gure kaleetan, jaietan, zaintzan eta eguneroko harremanetan oinarrizkoa da. Horregatik, herritar guztien ekarpena ezinbestekoa da politika publiko egokiak diseinatzeko.

Ildo horretan, Udalak bi parte-hartze saio antolatu ditu, biak Kultura Aretoan izango dira eta herritarren ekarpenak jasotzeko eta diagnosi partekatua osatzeko baliatuko ditu:

  • Apirilak 23, 17:30tik 19:30ra
  • Apirilak 27, 17:30tik 19:30ra

Saio hauetan landuko diren gaiak, besteak beste, honako hauek izango dira: orain arteko berdintasun politikaren balorazioa, gaur egungo Lezoko egoeraren azterketa eta etorkizunerako lehentasunak zehaztea. Helburua Lezoko errealitatera egokitutako Berdintasun Plan eraginkor eta partekatua eraikitzea da.

Lezoko Udalak herritar guztiei dei egiten die prozesu honetan aktiboki parte hartzera eta etorkizun berdinzaleago eta bidezkoago baten eraikuntzan laguntzera.
 

Arloa edo saila