Berdintasunaren inguruko formazio saioak Lezoko elkarteentzat

Og, 2025-10-23 20:26

Lezoko elkarteentzat berdintasunaren inguruan sentsibilizatu eta euren jarduna errazteko formazio saioak antolatu ditu Lezoko Udalak urriaren 30ean eta azaroaren 6an.

Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen arabera, EAEko botere publikoek diruz lagundutako elkarteek aipatu legean jasotako printzipioak eta mandatuak jarraitu, euren jardunean genero-ikuspegia txertatu eta berdintasuna sustatzeko eta desberdinkeriak ezabatzeko neurriak hartu behar dituzte.

Gauzak horrela, Lezoko elkarteak berdintasunaren inguruan sentsibilizatu, oinarrizko kontzeptuak barneratu,  berdintasunarekiko duten ezagutza areagotu eta, hartara, euren jarduna errazteko formazio saioak antolatu ditu Berdintasun Sailak. III. Berdintasun Planean aurreikusitako ekimena da.

Saioak urriaren 30ean eta azaroaren 6an egingo dira, biak 18:00tatik 20:00etara. Kultur Aretoak lehena eta udaletxeko Udalbatza aretoan bigarrena. Lezoko Udalak elkarte guztiak gonbidatu ditu saioetan parte hartzera, berdintasuna denon ardura izanik, egunerokoan zein antolatzen dituzten ekintzetan kontuan hartzeko tresnak eskuratu ahal izateko aukera izango baita. Izena emateko earruti@lezo.eus helbidera idatzi beharko dute interesdunek.   

Idoia Lekue aditua izango da formatzailea eta honako hauek izango dira jorratuko diren edukiak:

1.    Saioa:

  • Gizarte patriarkal eta androzentrikoa
  • Jarduera publikoaren neutraltasun falta
  • Aukera librearen mitoa
  • Lanbideen sexuaren araberako bereizketa: horizontala eta bertikala
  • Soldata arrakala
  • Diskriminazio zuzena, zeharkakoa, anitza eta islatua
  • Sexu-genero sistema bitarra

2.    Saioa: Genero-ikuspegia txertatzeko gakoak:

  • Zer da genero-ikuspegia txertatzea?
  • Ekintza positiboa
  • Mainstreaming eta zeharkakotasuna
  • Genero egokitasuna detektatuz
  • Genero-ikuspegia proiektuetan txertatzen
     
Arloa edo saila