Emakume bat erasotu du bikoteak Lezon

Az, 2023-10-04 11:15

Elkarretaratzea egingo da urriaren 5an Gurutze Santuaren Plazan.

Erasoa dela eta, Piztu Lezo, Gaxuxa eta Iruntzen Emakume taldeek eta Lezoko Udalak, jendaurrean eta aho batez, adierazi nahi dugu indarkeria matxistaren aurka gaudela eta irmoki gaitzesten dugula gertatutakoa. Halako portaerak Emakumeen Giza Eskubideen urratze larriak dira: diskriminatua ez izateko, ongizaterako, integritaterako eta duintasunean eta askatasunean bizitzeko eskubidearen aurkako erasoak, besteak beste.  

Indarkeria matxista jendartean nagusi den genero-ezberdintasunaren adierazpen mespretxugarriena da eta lerro hauek sinatzen ditugunok erabateko ezezkoa, ezezko biribila esaten diogu horri.

Tamalez, eraso matxistek gure herria astindu dute, beste behin ere, eta horrekin batera agerian geratu da oraindik ere lan handia egin behar dela emakumeek libre eta indarkeriarik gabe bizitzeko dugun eskubidea bermatzeko.

Gauzak horrela, eragile sozial, politiko eta instituzional guztien ardura pertsonal eta kolektiboa funtsezkoa da, apustu ausartak eta neurri sakonak behar dira, hitzetik praktikara pasatzeko, hau da, oldarkeria behin betiko desagerrarazteko.

Halaber, indarkeria matxistari aurre egiteko ezinbestekoa da hori lehen mailako auzi politikotzat jotzea, konplize jarrerak bazter uztea eta bizi garen antolaketa sozial sexista deseraikitzeko berdintasun politika sendoen alde apostu egitea.

Zentzu horretan, erasotuari eta haren ingurune hurbilari gure elkartasunik beroena adierazteaz gain, lanean tinko jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu, zubiak eta sareak eraikitzeko eta jendartean indarkeria matxistari lekurik ez uzteko.

Egoera larria dela eta, Piztu Lezo elkarteak, Gaxuxa emakumeen elkarteak eta Iruntzen Lezoko emakumeen talde feministak gaitzespen deialdia egin dute eta Lezoko Udalak bat egiten du deialdiarekin. Ezin duzu huts egin.

Elkarretaratzea egingo da ostegunean, 2023ko urriaren 5ean, 19:30an, Gurutze Santuaren plazan.

Indarkeria matxistarik ez!

Arloa edo saila