Udako zine emanaldia Lezon, LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren harira

Lezoko Udaleko Berdintasun sailak antolatuta, datorren hilaren 28an “Bide zuzena ibilbide okerrak” dokumentala pantailaratuko da Saldise Plazan, iluntzeko 22:00etan.

Aipatu dokumentalak Gasteizko LGTBIQ+ mugimenduaren 25 urteko ibilbidea jaso eta urte horietan guztietan kolektiboak berdintasunaren eta sexu askatasunaren alde eginiko lana du hizpide.

Datorren ekainaren 28an, ostirala, LGTBIQ+ edo sexu askatasunaren nazioarteko eguna da eta horren harira, Lezoko Udalak, udako zine emanaldia antolatu du lehen aldiz, herritar orori zuzenduta.

Zine saio hori Saldise plazan egingo da, esan bezala, hilaren 28an, iluntzeko 22:00etan eta bertan, “Bide zuzena ibilbide okerrak” deituriko dokumentala ikusi ahal izango dute lezoarrek.

Dokumentalak Gasteizko LGTBIQ+ mugimenduak azken 25 urteotan egindako ibilbidea eta kolektiboak sexu askatasunaren eta berdintasunaren alde egindako lana azalaratzen du.

Filmak Stonnenwall Inn eta Francisco Vadillo “Francis”, Errenteriako transexualaren erailketaren gertakariak ditu abiapuntutzat, aipatu biak izan baitziren sexu askatasunaren eta berdintasunaren aldeko borrokaren inflexio puntu eta ikur nazioarte zein estatu mailan. Izan ere, hurrenez hurren, aurten 50 eta 40 urte betetzen dira bi gertakari horietatik eta dokumentalak, nolabait, urte horietan emandako aurrera pausoak eta Gasteizko LGTBIQ+ kolektiboak egindako urratsak jasotzen ditu. Horrez gain, dokumentala, hainbat pertsonen zuzeneko elkarrizketa zein testigantzez osatua dago, horien artean, adibidez, Jose Angel Cuerda, Gasteizko alkate ohiarena eta Rip Punk taldeko Txerra Bolinagarena.

“Bide zuzena ibilbide okerrak” dokumentala Hala Bedi irrati libreak eta Luma Gorri elkarteak elkarlanean garatutako proiektua da eta Giza Eskubideen Zinemaldian eta Zinegoak jaialdi esanguratsuetan eskaini ondoren, datorren hilaren 28an Lezon ikusi ahal izango da, esan bezala, gaueko 22:00an, Saldise plazan, udako zine emanaldi gisa, aire librean.

 

 

 

 

 

Arloa edo saila