Lezoko Udalean ordezkaritza duten talde politiko guztiok emakumeen eta gizonen arteko berdintasun erreal eta eraginkorrarekin dugun konpromisoa irmoki berresten dugu.
Printzipio demokratiko hori ukaezina da, eta gizarte justu, aske eta kohesionatu baten funtsezko zutabea. Gaur, ahotsa irmo altxatzen dugu berdintasuna defendatzeko eta aldarrikatzeko, bere diskurtsoa zokoratzen eta zalantzan jartzen ari baita komunikabideetan, sare sozialetan eta, modu kezkagarrian, giza harremanetarako eguneroko espazioetan.
Berdintasunaren defentsa ez da aukera bat, ezta ideologia bat ere: giza eskubide unibertsala da, aitortua eta babestua. Hamarkadetan emakumeek, mugimendu feministak, erakundeek eta pertsona aliatuek kolektiboki borrokatuz eta lan eginez lortu duten eskubidea da, batez ere, diskriminazioa desagerrarazteko, askatasunak zabaltzeko eta guztientzako aukerak bermatzeko helburua duena.
Berdintasunean hezten duen, estereotipoak baztertzen dituen eta errespetuan, askatasunean eta duintasunean oinarritutako harremanak sustatzen dituen gizartea aldarrikatzen dugu; baita indarkeria matxistaren biktimak eta bizirik atera direnak aintzat hartzen, laguntzen eta entzuten dituena ere. Izan ere, ozen eta garbi esaten dugu berdintasunik gabe ez dagoela erabateko demokraziarik, eta indarkeria matxista desagerrarazi gabe, ez dagoela guztiontzako askatasunik.
Martxoaren 8an, dei egiten diegu herritar guztiei, batuta eta elkartuta irmo egon gaitezen lortutako eskubideak defendatzeko eta, atzera pausurik gabe, berdintasun erreal eta eraginkorrerantz aurrera egiten jarraitzeko.
Udalaren babesarekin, Lezoko Berdintasun Kontseilua osatzeko prozesuan parte hartu duten taldeek martxorako egitaraua prestatu dute. Hilabete osoan zehar hainbat ekintza prestatu dituzte, mota askotakoak: sentsibilizazio saioak haur eta gazteekin, ekitaldi kulturalak, ikus-entzunezko proiekzioak, hitzaldiak… Emakumeen Nazioarteko Eguna ez baita aldarrikapen eta eskubideen defentsarako eguna soilik, emakumeak ikusarazteko, emakumeen lana balioan jartzeko, edota gizartearen erretratua aztertu eta norbanakoekin lanketa egiteko eguna ere badelako. Berdintasunak egunerokoa bai eta diziplina zein bizitzako arlo guztiak zeharkatzen dituelako.
Helburu horiekin abiatu zuen Lezoko Udalak herriko hainbat eragile eta norbanakorekin batera Lezoko Berdintasun Kontseilua sortzeko prozesua. Urtebete baino gehiago eman dugu lanean eta martxoaren 11n izango da aurkezpena.
Berdintasun Kontseiluaren helburuak argiak dira: berdintasunaren alde apustu egiten duten pertsonen eta eragile sozialen sarea sortzea eta emakumeen parte-hartzea, ahalduntzea eta protagonismoa sustatzea, emakumeen parte-hartze sozial eta politikoaren defizitari aurre egin, euren herritartasun aktiboa indartu eta talde feministen eta emakume taldeen lanaren aitortza egiteko.
Politika feministek eta gure bizitzak baldintzatuko dituzten erabakiek zeharkakotasuna bermatu behar dute. Eta, beraz, erabaki horiek hartzen dituzten egiturek herri boterea eta gobernantza eredu berriak behar dituzte. Lezon, Berdintasun Kontseiluak izan nahi du tresna berri hori, tokitik eragingo duena, inguruan aldaketa errealak eragin ditzakeena, denon bizitzak erdigunean jarriko dituen begirada, hain zuzen ere.
Emakumeek jasaten duten indarkeria sistematikoaren aurka, giza-eskubideen urraketa salatzeko eta elkartasun uhina indartzeko, herritar guztiei martxoaren 8aren inguruan antolatutako ekintzetan parte hartzera eta manifestaziora batzera dei egiten diegu.