Epaitegiko agindua beteaz, Lobato Etxea hustu du Lezoko Udalak

Ar, 2023-10-17 16:21

Epaitegitik iritsitako agindua beteaz, Lezoko Udalak Lobato Etxea hustu du. Gaur goizean, 09:00etan bertaratu da Lezoko Udaltzaingoa eta Ertzaintza. Bertan zeudenekin hitz egin ostean, etxea liskarrik gabe hustu da.

Lobato Etxea aurri egoeran deklaratu zen 2023ko martxoan. Horren ondorioz, Donostiako Auzi Epaitegiak 2023ko ekainaren 27an helarazitako epai baten bitartez, uztailaren 27ra bitarteko epea eman zion Lezoko Udalari etxea husteko. Aurri egoera deklaratu zenetik aurrera, gertatu zitekeen edozein ezbeharren erantzule Lezoko Udala eginez.

Egoera horren aurrean, udala bertan bizi zirenekin harremanetan jarri zen Gizarte Zerbitzuetatik jaso zitzaketen laguntzak aztertu, eta etxea husteko modua eta epea adosteko asmoz. Etxea husteko epemuga ahalik eta zabalena eskaintzea adostu zen. Aldi berean, udaletik, Madalenetako jaiak zetozela eta, bertan festarik ez antolatzea, eta udaltzainak bidalita, Ertzaintza bertaratu behar izan gabe, hustea proposatu zitzaien. Azkenik, Lezoko Udalaren aldetik, etxea utzitakoan, ohiko gizarte laguntzez gain, beste zerbait aurkitu artean, alojamendua eskaini zitzaien.

Jakina denez, baldintza horiek ez ziren bete, uztailaren 26an Lezoko udaltzainak bertaratu zirenean, ateratzeari uko egin zioten. Hurrengo egunean, Ertzaintza bertaratu zenean, berriz, eraikinaren teilatura igota, hustea oztopatu zuten. Egoera horretan, alde guztien segurtasuna bermatze aldera, hustea bertan behera uztea erabaki zen.

Beraz, behin epemuga pasata, udaletik, etxea husteko epealdia luzatzeko eskaera bidali zen epaitegira. Horren erantzuna 2023ko urriaren 4an iritsi zen, eta berriro, hilabeteko epea eman zitzaion Lezoko Udalari etxea husteko.

Gaur goizean gauzatu da agindu hori. Bertan zeudenei euren gauza guztiak eraikinetik ateratzeko aukera eskaini zaie eta horretan aritu dira. Euren aldetik, eraman ez dituzten gauzak, udalak astebetez gordetzeko ardura hartu du, nahi dutenean jaso ditzaten. Azkenik, aurreko aldian bezala, oraingoan ere, udaletik eurekin harremanetan jarri dira Gizarte Zerbitzuetako ohiko laguntzez gain, alojamendua eskaintzeko.