Lezo, UEMAko kide berria

La, 2023-12-16 17:10

Sei udal berri UEMAren lurgunera.

Azkoitia, Berrobi, Hondarribia, Lezo, Mendexa eta Zeanuri UEMAko kide dira gaurtik aurrera. Izan ere, batzar nagusia egin du UEMAk gaur goizean Orion. Besteak beste, 2023an egindakoaren balantzea aztertu eta 2024rako egitasmo nagusiak onartu dituzte batzarkide diren alkateek eta zinegotziek. Mikel Arruti, Lezoko alkatea eta Iker Salaberria zinegotzia bertan izan dira.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitatera gehitzeko herri berriek egindako eskaerak ere onartu dituzte. Horrela, gaurtik aurrera UEMAko kide dira beste sei herri ere. Zehazki, 107 udalek osatzen dute orain mankomunitatea, guztien artean 342.000 biztanleko lurgune euskalduna osatuz.

Mikel Arrutik, Lezoko alkateak, ondorengoa adierazi du: "oso pozik gaude Lezo UEMAko kide berria izateagatik. Aurretik ditugun erronkei erantzuteko UEMAko ezagutzaz, jakintzaz eta bertako udalerrien sinergiaz baliatzeko aukera izango dugulako. Bestalde, euskaldunon aurkako oldarraldi betean, herriak elkarrekin eta modu bateratuan eragitea oso garrantzitsua dugula uste dugu. Ilusio eta gogo handia dugu, gaur hasi dugun bide honetan, Lezotik gure aletxoa gehitzeko".

Arloa edo saila