Merkataritza eta ostalaritza establezimenduen euskararen mapa aurkeztu dute udalak eta Bai Euskarari elkarteak

Al, 2026-07-06 13:49

Lezoko Udalak Bai Euskarari Elkartearekin duen hitzarmena berritu du beste urte betez eta aurtengo lehen ekintza aurkeztu dute: Lezoko euskararen mapa, Bai Euskarari ziurtagiria duten establezimenduen mapa.

Iker Salaberria Urkizu Lezoko Udaleko euskara zinegotziak eta Irati Arratibel Bai Euskarari Elkarteko teknikariak gaur goizean egin dute hitzarmena berritzeko agerraldia. Balorazio positiboa egin du Salaberriak “beste urte batez hitzarmena berritzea pozgarria da, izan ere, hitzarmen honi esker urtean zehar euskararen erabilera eta kontzientzia indartzeko ekintzak eta tresnak garatuko ditugu herrian”.

Zinegotziak azaldu duenez, hitzarmen honen helburua herrian euskararen presentzia eta erabilera indartzeko tresnak garatzea eta euskararen aldeko konpromisoa duten entitateak aitortu, lagundu eta berriengana iristea da.

Horretarako, Bai Euskarari ziurtagiria baliatuko dute. Ziurtagiri hori euskara erabiltzeko eta sustatzeko lanean ari diren establezimenduak eta entitateak identifikatzeko eta aitortzeko tresna da. Ziurtagiriak hiru maila ditu: 

  • Euskararen bidean: euskararen normalizaziorako neurriak hartzen eta garatzen dituzten enpresak
  • Zerbitzua euskaraz: Zerbitzua euskaraz eskaintzen duten enpresak
  • Zerbitzua eta lana euskaraz: Zerbitzua euskaraz eskaini eta euskaraz lana egiten duten enpresak

Lezoko saltoki eta era guztietako establezimenduetan ebaluazio prozesua egin dute eta ziurtagiridunen mapa osatu dute. Bideo batean jaso dituzte establezimendu bakoitzaren kokalekua eta ziurtagiri maila eta agerraldian aurkeztu dute.

Ekintza hau ez da identifikazioan soilik geratuko, ziurtagiridunekin urtero egiten den ebaluaketaren bitartez jarraipenerako bermeak ezarri eta euskararen normalizazio prozesuan pausuak emateko oinarriak berrikusiko dituzte Bai Euskarari Elkarteko aholkulariekin.

Horrez gain, ziurtagiririk ez duten entitateei bisita egin eta ekimenaren berri emango die Bai Euskarari Elkarteak, euskararen normalizazioak herriko establezimenduetan ahalik eta garapen handiena izan dezan sustatzeko.

Salaberriak jakinarazi du ziurtagiriaren truke establezimenduek ordaindu beharko luketen kuota udalak beregain hartu duela, eurentzat kosturik izan ez dezan. Horrez gain, gaur aurkeztutako bideoarekin egin duten bezala, egiten duten ahalegina aitortzeko eta ikusgarritasuna areagotzeko ekintzak bultzatzen jarraitzeko konpromisoa berretsi du.

Bideoa dagoeneko ikusgarri dago udalaren eta elkartearen webguneetan. Bide batez, Salaberriak eta Arratibelek deia egin diete herriko establezimendu guztiei informazioa eskatu eta euren enpresetan euskararen diagnostikoa egin eta erabilera hobetzeko tresna balia dezaten.


 

Arloa edo saila