Bidez-Bide zerbitzua adinekoen eta ezinduen bizi kalitatea hobetzeko

Ar, 2017-10-24 13:37

Eskaripeko furgoneta zerbitzua hau astelehenetik ostiralera eskaintzen da 8:00-13:00 bitartean eta mugikortasun arazoak dituzten eta landa ingurunean zein Altamiran bizi diren adineko pertsonei dago zuzendua. Zerbitzu honen helburua da bizilagunen beharrei erantzutea, beren autonomia areagotzeko eta isolamendu edota gizarte bazterketa saihesteko.

Herriko nekazal auzoetan dagoen sakabanaketak sortzen dituen arazoez jabetuta, Lezoko Udalak, maiatzean, Behemendi Landa Garapen Elkartearekin batera, BIDEZ-BIDE garraio zerbitzua jarri zuen martxan Altamiran eta landa eremuan bizi diren adinekoen eta ezinduen bizitza kalitatea hobetzeko helburuarekin.

Noemi Arberas, Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak azaldu duenez “landa eremuko biztanleen gizarte beharren diagnosia egin zen eta bertan, beharren artean, garraio arazoa identifikatu zen baserrira iristeko garraio publikorik eta gidatzeko baimenik ez izateak isolamendu arazoak sortzen zituelako”. Arazo horri aurre egiteko, BIDEZ-BIDE proiektu berria jarri zen martxan maiatzean.

Abiarazitako esperientzia berriarekin Altamira auzoko eta landa eremuko bizilagunen beharrei erantzuna eman nahi izan zaie. Mugikortasun arazo handiak dituzten pertsonei eta landa ingurunean bizi diren adineko pertsonei aukerak eman nahi zaizkie hainbat eginkizun beren kabuz egin ditzaten: medikura joan, erosketak egin… eta erabiltzaileek eskualdeko zerbitzu gune nagusietara joateko aukera ere izango dute (Lezora, Errenteriara, Lartzabalera). Beraz, zerbitzuaren helburua nagusia da zerbitzurik ez dituzten landa auzoak herri erdiguneak eskaintzen dituen zerbitzuekin elkartzea. Horrela, erabiltzaileen autonomia areagotuko da eta gizarte bazterketa eta isolamendua saihestuko da hiri eta landa eremuko harremanak eta loturak bermatzen direlako.

Zerbitzuaren ezaugarriak:

Esan bezala, landagunean bizi diren adinekoak eta mugikortasun arazoak dituzten pertsonak herriraino joan-etorriak egiteko garraio zerbitzua da; landaguneko bideetan ibiltzeko aproposa eta mugikortasun arazoak dituzten pertsonak garraiatzeko egokitua.

Zerbitzua doakoa da eta astelehenetik ostiralera eskaintzen da, goizeko 8:00etatik eguerdiko 13:00etara. Zerbitzua hau erabili ahal izateko gidariari zuzenean deitu behar zaio, gutxienez egun bat lehenago, jarraian azaldutako telefono zenbakira: 690 76 94 66.

Amaitzeko, Behemendi Landa Garapen Elkarteko ordezkariak, Juan Kruz Alberdik adierazi du, dagoeneko, bataz beste astean, Altamirako 8 bizilagunek erabiltzen dutela zerbitzua. “Landa eremuko bizilagunen artean, egun, erabilera urriagoa da eta gaurko aurkezpena aprobetxatuz, landa eremuko bizilagunak zerbitzua erabiltzera animatu nahiko nituzke” adierazi du. Programaren inguruko informazio gehiago nahi izanez gero, Lezoko Gizarte Zerbitzuekin harremanetan jar daitezke herritarrak 943 521094 telefono zenbakian. 

Arloa edo saila