Duchenne gaixotasuna ezagutzera emateko ekimen berria babestu du, beste behin, Udalak

Og, 2018-11-29 14:53

Sergio Gomezek, Duchenne gaixotasuna jasaten duten bi mutikoen aitak, bidaia berria egingo du, oraingoan, Argentinara eta bertan bi ibilbide berri egingo ditu bizikletan gaixotasuna gizarteratzeko helburuarekin eta Lezoko Udalak, aurtengoan ere, bere babesa eskainiko dio

Lezoko Udalak urteak daramatza “Asociación Ayuda Enfermedades Raras Solidaridad y Esperanza” elkarteari, modu ezberdinetara, laguntza eta babesa ematen.

2016an, Lezoko Udalak aipatu elkartearekin elkarlanean ekitaldi solidario bat antolatu zuen Lezon bildutako dirua ikerketara bideratzeko. Horretaz gain, hainbat hitzaldi antolatu ziren herritarrek Duchenne gaixotasunaren berri izan zezaten eta horiek gaixotasun hau pairatzen duten haurrekin solidarizatzeko.2018ko otsailean berriz, Udalak ikerketarako dirua lortzen laguntzeko, Bekoerrota kiroldegian edukiontzi solidarioa jarri zuen plastikozko tapoien bilketarako.

Aurten, elkarteko buruak, Sergio Gomezek, 2.000km egin zituen bizikletan Azpeitiatik Vaticanora otsailean, eta nahiz eta oraingoan ibilaldia motzagoa izan, helburu berdinarekin bidai berria egin nahi du.

Erronka berria, Argentinan, bere jaioterrian, gauzatuko du Gomezek. Lehenengo ibilbidea bi etapatan egingo da eta Mendoza eta San Juan hiriburu Argentinarrak lotu nahi ditu, oraingoan, bizikletaz egingo duen ibilbidean Julio Pablo Chacónen eta Jonathan Barrosen laguntzarekin, gaixotasun arraroen gaineko arreta erakartzeko eta ikerketarako diru laguntzak lortzeko. Bigarren ibilbidea lau etapatan egingo du Mendozatik Villa-Mercedesera, azken hau Pablo Chacón eta Facundo Della Salaren laguntzaz.

Sergio Gomez, Duchenne gaixotasuna pairatzen duten bi mutikoen aita da eta  gaixotasun hau haurrengan gehien diagnostikatzen den gihar-distrofia da eta soilik gizonezkoei eragiten die. Oraingoz ez da lortu gaixotasuna sendatzeko biderik. Hori dela eta, ikerketarako dirua lortzea ezinbestekoa da.

Gaur goizean egindako aurkezpenaren bitartez, beraz, babesa eman nahi izan dio Lezoko Udalak Sergiori bere proiektu berri honetan. Abenduaren 12an goizeko 8.00etan abiatuko da Argentinako Mendoza hiritik eta hurrengo egunean, Abenduaren 13an, arratsaldean helduko da San Juan hirira. Bigarren ibilaldia 16an hasiko du Mendozan eta 20an bukatu Villa-Marcedesen.

Arloa edo saila