Gero eta gertuago Herri Eskolako estaldura eraikitzeko obren hasiera

Og, 2017-05-11 12:39

Udalak lehiaketa publiko bidez esleituko ditu Herri Eskolako estaldura proiektua gauzatzeko obrak. Proiektu honek helburu du herritarrei aisialdi gune berria eskaintzea. Era berean, Ludotekako zerbitzua kontratatzeko prozesua ere martxan jarri du Udalak. Beraz, espedienteak BOGean argitaratu ondoren, enpresek 20 laneguneko epea izango dute euren proposamenak aurkezteko

Herri Eskolako jolastokia estaltzeko obrak udan gauzatuak izan daitezen, joan den asteleheneko Gobernu Batzordean obren kontratazioa egiteko prozedimendua martxan jartzea erabaki zen.

Gauzak horrela, ireki da jada proposamenak aurkezteko epea eta obrek 440.000 euroko aurrekontua izango dute gehienez ere (BEZa barne).

Gobernu taldeak lehentasun osoa eman dion proiektu honek helburu du eskolako azpiegiturak hobetzea eta herritarren beharrei eta eskaerei erantzutea, lezoarrei  egun eguzkitsu zein euritsuetako balioko duen gozamendurako aisialdi-gune estali berria eskaintzeko.

Horretarako, egitura sinplea, arina eta gardena izango duen estaldura ezarriko dute Herri Eskolako jolastokian, argi naturala sar dadin. Era berean, egun dauden sarrerak mantenduko dira, baina eskola orduetatik kanpo eremua erabiltzea ahalbidetzeko itxitura berri bat egingo da. Horri esker, herritar orok zein kultur eta kirol taldeek eremu berri hau erabili ahal izango dute eskola orduetatik kanpo, baita larunbat, igande eta jai egunetan gaueko 21:30ak arte.

Obrak udaran gauzatuko dira ikasleei zein bertako langileei eragozpenik ez sortzeko.

Ludotekako zerbitzurako kontratazioa:

Astelehen honetan, bestalde, Tokiko Gobernu Batzordean 2017-18 eta 2018-19 kurtsoetarako Ludoteka zerbitzua kontratatzeko baldintzen pleguak ere onartu ziren.
Horrenbestez, interesa duten enpresek, behin BOGean espedientea argitaratuta, 20 laneguneko epea izango dute euren proposamenak aurkezteko.
Proposamen guztiak aztertuta, Udalak lehiaketa publikoetan kalifikaziorik altuenak lortzen dituzten enpresei esleituko dizkie bai Herri Eskolako estaldura eraikitzeko obrak, zein Ludoteka zerbitzua.

Arloa edo saila