Herrian lehen igogailua eraikitzeko esleipen prozesua martxan jarri du Udalak

Or, 2018-05-04 11:23

Pertsonen ongizate eta bizi kalitatea hobetzea helburu hartuta, inbertsio honen bitartez, herriko irisgarritasunaren alde urratsak egiten jarraitu nahi du Udalak. Esleipen prozesuan parte hartu nahi duten enpresek maiatzaren 28ra arte dute proposamenak aurkezteko epea

Lezoko udal gobernuaren lehentasunetako bat izan da, lehen egunetik, herriko irisgarritasuna hobetzearen alde lan egitea Lezon bizi diren herritarren bizi kalitatearen, mugikortasunaren eta ongizatearen mesedetan. Horretarako, lehenik eta behin, Irisgarritasun Plana osatzeko, Irisgarritasun Plan Bertikala egin zen.

Dokumentu honek, herriko irisgarritasuna hobetzen jarraitzeko, faseka, hainbat igogailuren eraikuntza aurreikusten eta jasotzen zuen, horien artean: kiroldegi alboko igogailua, Altamirakoa, Ijurkokoa edota Musika Eskolakoa. Dena den, gobernuak hasiera-hasieratik kiroldegi alboko igogailua eraikitzeari eman dio lehentasuna, etorkizunean besterik eraikitzea posible den arren.

Esleipen prozesua martxan:

Gauzak horrela, herriko lehen igogailua eraikitzeko lehen urratsa eman du Udalak, hau da; esleipen prozesua dagoeneko martxan jarri du. Igogailuaren proiektuaren baitan, igogailua Altamira auzoarekin eta Altzate igerilekuarekin lotzeko pasabide berri baten eraikuntza ere aurreikusten zen, baina Udalak espero zituen diru-laguntza batzuk jasoko ez dituenez, bigarren fase batean eraiki beharko da aipatu oinezkoen bidea, ezinezkoa baita guztia batera egitea.

Beraz, esleipen prozesua soilik aipatu lehen igogailua eraikitzeko abiarazi da. Enpresa interesdunek beren proposamenak aurkeztu ditzakete esleipen prozesua Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, maiatzaren 28ko arratsaldeko 17:00ak bitartean, eta 631.940€ko aurrekontu mugarekin, BEZa barne. Epea amaitzean, Udalak jasotako proposamen guztiak aztertuko ditu eta lehiaketa publikoan puntuaziorik altuena lortzen duen enpresari esleituko zaizkio obrak. Aurreikuspenen arabera lanak ekainean esleituko dira, uda aurretik lanekin has daitezen.

Esan bezala, beraz, Udalak herritarrekiko hartutako konpromisoari jarraiki, eta Lezo herri atseginagoa eta irisgarriagoa bihurtzeko helburuari eutsiz, pasabiderik gabe bada ere, igogailuaren eraikuntza gauzatzeko erabakia hartu du udal gobernuak. Hau ez da, halere, Udalak herriko irisgarritasuna hobetzeko helburuarekin egindako legealdi honetako inbertsio bakarra. Aurretik, besteak beste, Altamirako biribilguneko lanak gauzatu dira eta zebra-bideak altueran jarri, oinezkoen bideak sustatu eta herriko hainbat espaloitan produktu ez labainkorrak ere ezarri dira. Horiek guztiak, igogailuaren eraikuntza bezala, herritarren ongizatea eta segurtasuna hobetzea helburu hartuta gauzatutako ekimenak izan dira eta bide beretik lanean jarraitzeko konpromisoa azaldu du udal gobernuak. 

Arloa edo saila