Pintxo-Topa, Lezoko zaintza-sistema eratzeko topaketa informala

Ar, 2026-04-21 10:31

BIBErlazioak prozesuaren baitan, Pintxo-Topa topaketa egingo dute Lezon apirilaren 23an. Lezoarrek zaintza erdigunean jarri eta herriaren beharren inguruan hitz egiteko topaketa informala izango da, herritar guztiei zuzenduta. 

BIBErlazioak proiektuak helburu garbia dauka: Lezon zaintza-sarea eratu eta belaunaldiarteko harremanak indartzea. Tokiko zaintza sistema herritarren gidaritzarekin osatzeko lezoarren kezkak eta beharrak identifikatu eta aldaketak proposatzea da proiektu honen funtsa. Lezoko Udalak bultzatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin eta Bitar-bask – Euskal Bitartekaritza Elkarteak dinamizatzen duen ekimena da. 

Abiapuntu horrekin, saretu eta herritar guztien arteko elkarrizketak dinamizatuko dituzte  ‘Pintxo-Topa’ saioan. Proposamena sinplea da: hilabetean behin, modu informalean eta mokadutxo batekin, gure bizitzaren, zaintzaren, herriko baliabideen eta askoz gehiagoren inguruan hitz egiteko gune hurbil bat sortzea. Bertan, Lezon etorkizunean nola bizi nahi dugun elkarrekin erabakitzeko eta ekintzak eta aldaketak proposatzeko. Saioetan jasotako ekarpenak Zaintza-Mahaian aurkeztu eta Lezoko Udalak eguneroko lanean eta zaintza politikak garatzerakoan kontuan izango ditu.

Gaur egungo testuinguru sozialean, gero eta agerikoagoak dira zaintza-lanen antolaketa, familien gainkarga eta arduren banaketa desorekatuari lotutako erronkak, azken hauek, gainera, bereziki emakumeengan eragiten dute. Etorkizunari begirako ikuspegi kolektiboa lantzea ezinbestekoa da zaintza sistema eraginkor eta inklusiboa lortzeko.

Horregatik, Pintxo-Topa herritar guztiei zuzenduta egongo da, adin desberdinetako pertsonek, familiek eta eragileek elkarrekin modu erosoan parte hartu ahal izan dezaten. 

Hurrengo saioa, herriko tabernek prestatutako mokadutxoekin batera, apirilaren  23an izango da, BIBEtokin (Zubitxo Kalea, 21), 17:30ean. Informazio gehiago eskuratzeko 621 15 66 04 telefonora deitu/idatzi edo biberlazioaklezo@gmail.com helbidera mezua bidal dezake edozein herritarrek.
 

Arloa edo saila