Gizarte Zerbitzuen saila Donibane kalean kokatuko da aurrerantzean

Or, 2020-07-24 09:40

Hain zuzen aipatu kaleko 16 zenbakira lekualdatuko da datorren astean zehar eta bertan artatuko dira herritarrak aurretik telefonoz hitzordua hartuta. Lekualdaketak udal gobernuak hauteskunde programan jasotako konpromisoari erantzuten dio eta helburu du gizarte langileei lanerako edota herritarrak artatzeko espazio handiagoa eta egokiagoa eskaintzea.

 

Lezoko Udaleko Gizarte Zerbitzuen sailak bulego berria izango du laster. Izan ere, udal gobernuak hauteskunde programan jasotakoari jarraiki, eta emandako hitza beteaz, lokal handiago bat egokitzeko lanak egin ditu gizarte langileek lana egin edota herritarrak artatzeko espazio gehiago izan dezaten. Eta hori da hain zuzen helburu nagusia, Gizarte Zerbitzuen sailak duen espazio premiari erantzuna ematea eta gizarte langileei espazio handiagoa eta egokiagoa eskaintzea.

Gauzak horrela, bulego berria Donibane kaleko 16 zenbakian kokatuko da eta azken ukituen faltan, datorren astean zehar burutuko da lekualdaketa. Hala, lekualdatutakoan bertan artatuko dira herritarrak, baina covid 19aren inguruko neurriak mantenduz, aurretik hitzordua hartu beharko da. Harremanetarako kontaktuak, halaber, berdina izaten jarraitzen du: gizartezerbitzuak@lezo.eus posta elektronikoa edota 943 52 10 94 telefonoa.

Amaitzeko, aipatu sailak gaur egun udaletxean duen lekua gainerako udal sailen artean birbanatuko dela adierazi dute Udaletik, betiere, sail bakoitzaren beharren arabera.