Hazilan egitasmoaren hirugarren edizioa

Or, 2017-01-13 10:52

Abian da eskualdeko gazte eta enpresei bideratutako Hazilan egitasmoaren hirugarren edizioa

20 eta 35 urte bitarteko adina duzu? Lanbide-heziketa edo unibertsitate ikasketak dituzu? Lana lortzeko zailtasunak dituzu?

edo

Enpresa bat zara eta lanpostu zehatz batzuek betetzeko pertsonen profil jakin bat behar duzu? Buruan dituzun proiektuak gauzatu nahi dituzu?

 

HAZILAN egitasmoa gustatuko zaizu.

Errenteriako, Lezoko, Oiartzungo eta Pasaiako udalek, Oarsoaldea Garapen Agentziaren bidez HAZILAN egitasmoa jarriko dute martxan, konpetentzia pertsonal eta profesionalak lantzeko egitasmoa, ikuspegi guztiz praktikoa duena eta enpresen beharretara egokitzen dena.

Egitasmoaren helburua langabezian aurkitzen diren gazte kualifikatuak lan mundura hurbiltzen laguntzea da, beren lan aktibazio eta  lan txertaketa bultzatuaz, hori guztia prestakuntza saioak eta enpresekin harreman zuzenak sustatuaz.

HAZILAN egitasmoa 20 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzendurik dago, edozein espezialitateko Goi Mailako Lanbide-Heziketa edota Unibertsitateko ikasketak dituztenak, eta baita giza baliabide kualifikatuak behar dituzten edo egitasmo berriak garatu nahi dituzten enpresei ere.

Egitasmoaren berritasuna gazte kualifikatu eta enpresen arteko elkargune izaeran datza, izan ere, bien beharrak asetzen saiatuko da; alde batetik, kualifikazio altua duten gazteak dauzkagu, enpresek hainbeste baloratzen dituzten zeharkako konpetentziak (iniziatiba, taldean lan egitea, segurtasuna…) lantzea falta zaizkienak eta batez ere lan aukera erreal bat behar dutenak. Beste aldetik, baliabide faltagatik edo azken urteetako ziurgabetasunagatik aurrera eraman gabeko dibertsifikazio edo lehiakortasuna hobetzeko egitasmoak dauzkaten enpresak izango genituzke; HAZILANek egitasmo hauek aurrera eramateko formula ezberdinak eskaini dizkie.

Aukeratuak diren gazteek hasiera batean 80 ordutako formakuntza praktiko bat jasoko dute gaitasun pertsonal zein profesionaletan, ondoren beraien ibilbidea jarraituko dutelarik eskura jarriko zaizkien baliabide ezberdinen bidez; negozio bat martxan jartzen lagunduaz, enpresa batean praktikaldi bat beteaz, enpresa erreal batean proiektu zehatz bat garatuaz, prestakuntza zehatz bat burutuaz edo norberaren auto-hautagaitza prozesua planifikatuz teknikarien laguntza pertsonalizatuarekin.

Informazioa eta izen ematea

Oarsoaldeak interesa duten pertsonentzat saio informatiboak antolatuko ditu, bertan programaren xehetasunak azaldu eta sor daitezken zalantzak argituko direlarik. Saio hauek urtarrilaren 17tik urtarrilaren 24ra egingo dira Oarsoaldeak Pasaian dituen bulegoetan, Euskadi Etorbidean, Merkatuaren Eraikinean. Parte hartzeko interesa duten pertsonek, aldez aurretik Oarsoaldea elkartera deitu beharko dute.

Izena emateko epea, gaurtik urtarrilaren 20ra bitartekoa izango da, ondoren inskribatutako guztiekin aukeraketa prozesu bat egingo delarik elkarrizketa baten bidez.

Animatu eta eman izena!
Plazak mugatuak dira.
943 404 101 / olibet@oarsoaldea.eus

GAZTEENTZAT INFORMAZIOA
ENPRESENTZAT INFORMAZIOA

Programari buruzko informazio gehiago: http://hazilan.eus/ 

Arloa edo saila