Herritarrei esker mezua helarazi die Udalak eta neurriak orain arte bezala betetzen jarraitzeko eskaera luzatu die, guztion artean egoerari aurre egiteko

Az, 2020-04-08 13:32

Dagoeneko ia hilabete igaro da osasun larrialdi egoera indarrean jarri zenetik eta orduz geroztik, COVID19ak sortutako pandemia dela eta herritar oro etxean dago konfinatuta segurtasun eta prebentzio neurri gisa, norberaren burua zein gainerakoak zaindu eta ez kutsatzeko eta horrela, birusaren hedapena gelditzeko.

Itxiera eta isolamendu egoera horrek guztion egunerokotasunean sortu dituen aldaketak ulertuta, Lezoko Udalak esker mezua helarazi nahi izan die herritarrei egoera berezi honi aurre egiteko egiten ari diren esfortzuagatik eta bide beretik, neurriak orain arte bezala betetzen jarraitzeko eskaera luzatu die, guztion esfortzu eta elkarlanari esker egoerari ahalik eta azkarren aurre egiteko.

Era berean, bere elkartasuna adierazi nahi die koronabirusa dela eta senideren bat galdu edota gaixorik edo ospitalean dutenei. Amaitzeko, gogorarazi du arazorik izanez gero edo laguntza behar izanez gero, lezoarrek 943 524 650 telefonora dei dezaketela.