Aurrera doaz Lezoko lehen Mugikortasun Planaren idazketa lanak

Azken egunotan, idazketaz arduratzen den enpresa kontaketak eta galdetegiak egiten aritu da, bai herrigunean zein gidarien artean ere.

Aipatu Planak Udalak herri atseginago, irisgarriago eta seguruago bat eraikitzeko egiten duen etengabeko lanean urrats bat gehiago suposatuko du.

Mugikortasunak eragin zuzena du lezoarren bizi-kalitatean eta udalerriko jarduera sozioekonomikoan, eta azken urteotan demografia, azpiegitura eta hirigintza mailan egon diren aldaketak kontuan hartuta, Lezoko Udalak beharrezkotzat jo zuen mugikortasunaren arloan dauden premia eta eskaera berrien inguruan hausnarketa sakona egitea.

Horri jarraiki, Udalak Mugikortasun Jasangarriaren Plana idazteko lanei ekin zien etorkizunera begira, mugikortasun alorrean, Lezo herri jasangarria izan dadin. Bide horretan, gaur egun, egoeraren azterketa eta diagnosia eta mugikortasun arloan dauden erronka nagusien identifikazioan lan egiten ari da Udala eta horri jarraiki, azken egunotan, kontaketak eta galdeketak egiten aritu da herrigunean, industriagunean zein gidarien artean.

Azaroaren 13an eta 16an, hain zuzen, herrigunean oinezkoei zuzenduriko galdeketak egin zituen eta hilaren 17an, industriagunera jo zuen kontaketak egitera. Azaroaren 18an, halaber, gidariei zuzenduriko galdeketak egin zituen herriko lau puntutan: Jaizkibel Hiribidean (kiroldegiaren aurrean), Elias Salaberrian, Jaizkibel Hiribidea-Donibanen eta GI-2938 gasolindegietan. Lan horien guztien helburua da herritar ororen ikuspuntu, ikuspegi, iritzi eta proposamenak jasotzea.

Horrez gain, egunotan trafikoaren kontaketa automatikoak eta abiaduraren kontrol lanak egitea ere aurreikusi da.

Behin lan horiek amaituta, idazketa lanen bigarren faseari ekingo dio Udalak, jarraituko beharreko neurri zehatzak jasoko dituen ekintza plana osatzeari, alegia; lan hauek, ordea, 2021ean burutzea aurreikusi du.

Edozein kasutan, Lezoko Mugikortasun Jasangarriaren Planaren helburua da  etorkizunera begira, mugikortasun alorrean, Lezo herri jasangarria izatea, horretarako motorrik gabe mugikortasuna sustatuz eta ingurumenaren eta energiaren ikuspegitik eraginkorrenak diren bideak erabiltzearen alde eginez.