GAINTXURIZKETAN BI AUTOBUS GELTOKI BERRI JARRIKO DITUZTE

Or, 2025-06-13 12:59

Lurraldebuseko geltoki berriak jarriko dituzte Gaintxurizketan, erabiltzaileek garraio publikorako sarbide segurua izan dezaten. Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Gaintxurizketako GI-636 errepidetik igarotzen diren Lurraldebuseko lineentzat geltoki berriak jarriko ditu. Atzo bisitatu zuten geltoki berrien kokalekua Azahara Dominguez diputatuak, Mikel Arruti Lezoko alkateak eta Gaintxurizketako bizilagunen ordezkariek. 

Orain arte Gaintxurizketako auzoan Lurraldebuseko geltoki bakarrak biribilgunearen inguruan zeuden. Bi geltoki berri eraikiko dituzte GI-636 errepidetik igarotzen diren lineentzat. Zehazki, Ekialdebuseko E20 (Hondarribia>Donostia), E26 (Irun>Donostia N-I), E27 (Hondarribia>Donostia NI) eta E77 (Hondarribia>Donostia gaua) lineak ibiltzen dira errepide honetan. Geltoki berri horiekin mugikortasuna hobetzeaz gain segurtasuna ere hobetuko da. Izan ere, geltoki hauek Perrene auzoan, Muebles Rey parean (Hondarribirako norabidean) eta Errekalde bailaran, Euskotrenen geralekutik metro gutxira (Donostiarako norabidean) egongo dira. 

Azahara Domínguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak jakinarazi duenez, lineek sarbide segurua izango dute GI-636 errepidean, Gaintxurizketan, bizilagunek beren etxeetara sartu ahal izateko edo bi kilometroko itzulinguru bat egin beharrik gabe, edo hiru erreieko errepide bat zeharkatu bizitza arriskuan jarriz. Gainera, errepidea gainetik zeharkatu ahal izateko eraikitzen ari diren behin-behineko pasabidera sarbidea izango dute. 

Azahara Domínguezek azaldu duenez, oinezkoentzako behin-behineko pasabidea eraiki ondoren, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak geltoki berri horiek martxan jarriko ditu. Lan hori Bide Azpiegituretako Departamentuarekin koordinatzen ari da. "Garraio publikoak jasangarria eta eskuragarria izateaz gain, sarbide segurua izan behar du, pertsona guztiek erabili ahal izan dezaten. Gaintxurizketan jarriko ditugun geltoki berriekin, urrats kualitatibo handia emango dugu herritarrek Lurraldebuseko zerbitzuetara jo ahal izan dezaten, intermodalitatea erraztuz, kasu honetan Euskotrenekin. Geltoki horiekin, zerbitzu hobea eskainiko diegu Gaintxurizketako herritarrei, garraio publiko seguru eta intermodaleko zerbitzu bat izango baitute, ibilgailu pribatuaren benetako alternatiba izango dena. Eta horrela, aurrera jarraitzen dugu Gipuzkoa berdeago eta kohesionatuago baterantz", adierazi du Azahara Dominguez diputatuak. Gainera, eskerrak eman dizkie bizilagunei, beren jarrera laguntzaileagatik eta gure bide-sareko puntu honen segurtasuna hobetzeko erakutsi duten inplikazioagatik.

Mikel Arruti Lezoko alkateak “urte askotako egoerari irtenbidea emango dion aurrerapausoa izango dela” adierazi du. “Orain arte Gaintxurizketako bizilagun guztientzat autobus geltoki bakarrak biribilgunearen inguruan egon dira. Gune deserosoa da, bai irisgarritasun bai eta segurtasun aldetik. Geltoki berriekin irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzeaz gain, segurtasuna bermatuko zaie Gaintxurizketan bizi diren eta lan egiten duten pertsonei”.

Azkenik, Asensio Biaña, Gaintxurizketako bizilagunen elkarteko ordezkariak, honako hau esan du: “Eskertzen dugu Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak egindako lana, geraleku berri hauek izatea ahalbidetzeagatik. Alde batetik, kokapenarekin ados gaude, autobus-zerbitzua hobetzeaz gain, Euskotrenekin konektatzeko aukera ematen baitigu, intermodalitatea sustatuz, eta hori oso beharrezkoa da inguruko herritarrentzat. Bestalde, gure beharrizanei aurre egiteko modua, bai gauzatze-datei dagokienez, bai proiektu hori planteatzeko orduan dauden aukeren gaineko eskuragarritasunari eta egokitzapenari dagokienez. Hurbiletik jarraituko ditugu bai behin-behineko pasabidea martxan jartzeko azken obrak, bai behin betiko pasabidea, mugikortasun urriko pertsonen irisgarritasun-eskakizunak bete beharko baititu”.