Datorren astelehenean, apirilaren 27an, Paris is always a good idea telesaila grabatuko dute Lezoko hainbat gunetan. Grabaketa dela eta oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazioan aldaketak eta etenaldiak egongo direla jakinarazi du Lezoko Udalak. Eragin eta murrizketa nagusiak egun berean hasi eta amaituko dira.
Jarduerak egun osoan izango ditu eraginak hainbat gunetan eta aparkalekuetan, oinezko zein ibilgailuen joan-etorrietan eta argiterian izango dira, batez ere.
Telesailaren grabaketa Gurutze Santuaren plazan, Donibane Kaleko iturrian eta Goiko plazan egingo dute eta bertan izango dira oinezko eta ibilgailuei eragingo dieten neurri nagusiak. Eragin horiek ez dira etengabeak izango, baina une jakinetan trafikoa gelditu egingo dute segurtasuna bermatu eta grabaketan pertsonak ateratzea ekiditeko.
Gurutze Santuaren plazan, 13:30tik 18:00etara bitarte, grabaketak direla eta, ibilgailuak ezingo dira plazatik igaro eta oinezkoen joan-etorriak puntualki eten egingo dituzte, tarte laburretan (4-5 minutukoak).
Donibane Kaleko iturrian 19:00-21:00 bitartean grabatuko dute eta tarte horretan ere oinezko zein ibilgailuen zirkulazioa eten egingo dute une jakinetan.
Goiko Plazari dagokionez, 6:00etatik aurrera eta goizaldeko 1:30ra bitartean, aparkalekua ezin izango da erabili. Grabaketak gauean izango dira, 21:00etatik 00:00etara gutxi gorabehera, eta oinezkoen zirkulazioa etengo dute momentu puntualetan. Grabaketak iraun bitartean une batzuetan argiteria publikoa itzaliko da, bai plazako farolak bai eta inguruko eraikin batzuetako argiak ere, modu kontrolatuan.
Azkenik, Arraitokin ere hainbat aparkaleku erreserbatuta egongo dira ikus-entzunezko grabaketaren baliabide logistikoak gordetzeko, astelehenean goizeko 6:00tatik aurrera.
Udaltzaingoak aldez aurretik jarriko ditu seinaleak aparkalekuen inguruko murrizketen informazioarekin eta inguruko sotoetan bandoa jarriko du. Hala ere, informazio gehiago beharrez gero edo zalantzak argitzeko, herritarrak Udaltzaingoarekin jar daitezke harremanetan 943 52 40 03 telefonora deituta.
Lezoko Udalak, aldez aurretik, lezoarren ulermena eta lankidetza eskertu nahi ditu grabaketak sortu ditzakeen eragozpenen aurrean.