Lezoko Udalak etxe-konpostajearen programaren jarraipen kanpaina berria jarri du abian, herrian hondakin organikoen kudeaketa jasangarria sustatzeko eta herritarren konpromisoa indartzeko helburuarekin.
Gaur egun, 180 bizikidetza unitatek egiten dute etxe-konposta Lezon eta, horietatik, gehienak landa eremuan kokatzen dira. Ekimen honen baitan, etxe-konpostajean izena emanda dauden parte-hartzaile guztiei VERMICAN enpresatik telefono bidezko deiak egingo zaizkie. Dei horiek 634312274 telefono zenbakitik egingo diituzte, eta horien bidez hitzordu bat adostuko dute erabiltzaileekin ondoren etxean edo konpostagailua dagoen tokian bisita bat egiteko.
Bisita horien helburua konpostagailuen egoera aztertzea da, haien funtzionamendu egokia bermatzeko eta parte-hartzaileei behar duten laguntza eskaintzeko. Era berean, bisita hauek aukera izango dira herritarrek izan ditzaketen zalantzak argitzeko eta etxe-konpostajea ahalik eta modu eraginkorrenean egiteko gomendioak emateko.
Ekimen hau Lezoko Udalak sustatzen duen hondakinen prebentzio eta ekonomia zirkularraren estrategiaren parte da. Etxe-konpostajearen bidez, etxeetan sortzen den materia organikoa baliabide bihurtzen da, hondakin kopurua murriztuz eta lorategi zein baratzeetarako kalitatezko konposta sortuz.
Lezoko Udalak eskerrak eman nahi dizkie etxe-konpostajean parte hartzen duten herritar guztiei egiten duten ekarpenagatik, eta gogorarazi nahi du 634312274 zenbakitik jasotzen dituzten deiak kanpainaren jarraipena egiteko direla. Era berean, herritar guztiak gonbidatu ditu etxe-konpostan parte hartzera. Ekimenaren informazio gehiago eskuratzeko, Lezoko Udaleko Ingurumen Sailarekin jar daitezke harremanetan.