Pasa den astean Lezoko Udalak pegatina bereziak jarri zituen Altzate igerilekuko bederatzi leihotan, hegaztiek kristalen aurka talka egitea saihesteko helburuarekin.
Ohikoa da hegaztiek kristalen aurka talka egitea. Izan ere, askotan ez dituzte kristalak oztopo gisa hautematen, gardentasunagatik edo inguruko zuhaitzak edota zerua islatzen dituztelako. Horren ondorioz, talka gogorrak izaten dira, eta askotan hegaztiak hil edo larri zauritzen dira. Altzate Igerilekuan hainbat hegazti txikik egin izan dute talka estalkiko leihoen aurka.
Horri aurre egiteko, Lezoko Udalak pegatinak jarri ditu lehioetan. Pegatinek kristala hegaztientzat ikusgarri bihurtzen dute, eta, horrela, talka egiteko arriskua nabarmen murrizten da. Beiraren azaleran modu egokian jarriz gero, hegaztiek ez dute pasabide libre gisa interpretatzen.
Orain arte ohikoa izan da lehioetan hegaztien siluetak jartzea kolpeak saihesteko, baina azken urtetako ikerketen arabera, irtenbide hori ez da behar bezain eraginkorra. Igerilekuan ezarritako pegatinen diseinu eta koloreek gida profesionalak eta gomendio teknikoak jarraitzen dituzte. Irtenbide sinplea eta eraginkorra da eta eraikin eta azpiegitura askotan hegaztien heriotzak gutxitzen laguntzen du.
Lehen aldi honetan bederatzi lehiotan jarri ditu pegatinak, baina udalak lehio gehiago estaltzea aurreikusi du, ahalik eta babes neurri eraginkorrak izan daitezen eta hegaztientzat seguruak izango diren azpiegiturak bermatzeko.
Ekintza honen bidez, Lezoko Udalak tokiko biodibertsitatea babesteko eta udal-eraikinak fauna basatiarentzat seguruago bihurtzeko konpromisoa berretsi du.