Aranzadi Zientzia Elkarteak enaren habiak kontatuko ditu

Az, 2026-05-20 12:54

Ostegunean, hilaren 21ean, Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek Lezoko herri-guneko enaren habien kontaketa egingo dute.

Enarek eraikinetako fatxadetan eta teilatupeetan egiten dituzte habiak, eta horien kokapena identifikatuta izatea garrantzitsua da, espezie babestuak direlako. Hori dela eta, fatxadetan obrak egin behar direnean, ezinbestekoa da aurrez jakitea habirik dagoen ala ez. Informazio hori biltzeko Aranzadi Zientzia Elkartea kontaketa lanak egiten arituko da ostegunean Lezoko herri-gunean. 

Lezon azken urteotan hainbat ekimen egin dira enaren habiak identifikatu eta herri-biodibertsitatea zaintzeko. ENARAK proiektuaren baitan, 2021 eta 2022 urteetan herritarren parte hartzearekin egin ziren zentsoak; aurtengoan, berriz, Aranzadi Zientzia Elkarteko adituek egingo dute kontaketa.

Hegazti intsektujale horiek biodibertsitatearen parte garrantzitsua dira eta izurri biologikoen kontrol naturalean ere laguntzen dute. Azken urteotan, ordea, espezie horien populazioak nabarmen murrizten ari direla erakutsi dute ikerketa zientifikoek; horregatik, habiak identifikatzea eta babestea funtsezkoa da.

Udalak urteak daramatza biodibertsitatea sustatzeko neurriak garatzen, landare eta lore espezieen presentzia babesteko. Lezoarren laguntza eta sentsibilizazioa ere ezinbestekoak dira herriko biodibertsitatea zaintzeko, hori dela eta Lezoko Udalak eguneroko lana eskertu nahi die herritar eta eragileei eta ingurumena zaintzea herria eta lezoarrak zaintzea dela gogorarazi du.
 

Arloa edo saila