Bidean da herriko garapen iraunkorrerako Lezo 2030 Estrategia

Or, 2020-12-18 10:45

Aipatu estrategiak gizarte, ekonomia eta ingurumenaren alorretan Lezoko giza garapena bultzatzea du helburu eta horretarako,  herrian identifikatutako beharrei erantzuna emateko 2030 urtera bitarteko plangintza jasoko du.

Dagoeneko diagnosiaren behin-behineko dokumentua osatua dago eta  2021era begira, Lezo 2030 Estrategia osatu nahi du Udalak, herritarren partaidetzarekin batera.

Aurkezpeneko informazio gehigarria

Lezo 2030 Agenda webgunea

2015eko irailaren 25ean Nazio Batuen Batzar Nagusiak “Gure mundua eraldatzea: Garapen Iraunkorrerako 2030 Agenda” izeneko dokumentua onartu zuen, munduko herrialde ezberdinek 2030 urterako Garapen Iraunkorraren 17 Helburuak betetzeko bide-orria ezarriz.

Izan ere, herriak eta hiriak bertako biztanleen eguneroko bizitza garatzen den espazioa izateaz gain, herritarren bizi kalitateari, osasunari eta ingurumenari inpaktuak eragiten dizkion eremuak dira.

Bide horretan, Eusko Jaurlaritzak 2002an abiatu zuen Euskal Herriko udalerrietan garapen iraunkorrerako bidea, horretarako Tokiko Agenda 21ak sustatuz. Halere, bide-orri horrek batez ere, ingurumena zuen ardatz eta ez horrenbeste garapen iraunkorraren alderdi soziala eta ekonomikoa. Hori dela eta, 2015eko 2030 Agendak barneratzeko, 2018 urtean Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzak “Basque Country 2030 Agenda” estrategia onartu zuen, garapen iraunkorraren alde indarrak batzea eta gure lurraldearen konpromisoa mundu-mailan erakustea bilatzen duena. Modu honetan, Udalerrietan ezarritako Tokiko Agenda 21ak Tokiko 2030 Agendak bihurtzeko urratsak ematen hasi zen.

Lezoko ibilbidea eta 2030 Agendarako saltoa

Lezori dagokionez, Udalak 2006ko apirilean onartu zuen herriko garapen iraunkorraren aldeko I. Ekintza-plana eta, orduz geroztik, ekintza ezberdinak eraman ditu aurrera arlo ezberdinetan: natura-ondarearen lehengoratzea eta kontserbazioa, hondakinen gaikako bilketa, Eskolako Agenda 21 hezkuntza-programa herriko ikastetxeetan martxan jartzea…

2006 urtean onartutako plangintza haren indarraldia agortuta, 2020 urtearen hasieran, Lezoko Udalak mundu mailan onartutako 2030 Agenda Lezoko errealitatera egokitzeko gogoeta prozesua abiarazi zuen, bere 2030 Agenda izateko erabakia hartuz. 

Plangintza horri heldu eta Lezo 2030 Estrategia osatu asmoz, Udalak Izadi 21 iraunkortasunerako aholkularitza enpresa kontratatu zuen. Eusko Jaurlaritzaren metodologian, aipatu estrategia osatzeko hiru fase nagusi definitzen dira: diagnosiaren osaketa, 2030 Planaren idazketa eta beronen etengabeko jarraipena. Baina Lezoko 2030 Agenda modu egokian ezarriko bada, herritarren parte-hartzea ere ezinbestekoa da. Hau, modu integratuan burutu behar da, aipatu fase bakoitzean txertatuz.

COVID-19ak prozesua osoa atzeratu badu ere, une honetan diagnosiaren behin behineko dokumentua osatua dago, udaleko eta eskualdeko teknikarien feedbacka jaso zain. Diagnosi hori udalerriko argazki bat da, 18 arloren inguruko informazioa barneratzen duena. Hortik abiatuz, herritarrekin Lezo 2030 Plana osatzeko lanak abiatuko dira. Horretarako guztirako, hainbat partaidetza mekanismo jarriko ditu Udalak abian:

  • Lezo 2030 webgunea.
  • Prozesua hobeto ulertzeko infografia.
  • Herri-aldizkariko albistea eta honekin banatuko den eskuorria, herritarrek Lezo 2030 eta Garapen Iraunkorrerako Helburuak hobeto ulertarazteko.
  • Herriko eragileekin elkarrizketa saioak.
  • Herritarren postontzia.
  • Partaidetza-foroak.

Datozen urratsak

Aipatu bezala, datozen hilabeteotako erronka, diagnositik Lezo 2030 Estrategia idaztea izango da. Plan honek diagnosian identifikatutako eta herritarrek helarazitako beharrei erantzuna emateko 2030 urtera bitarteko plangintza izango da. Horretarako, Izan herrigile lelopean, 2021 hasieran estrategia horren osaketa-lanak abiatuko ditu Udalak, beti ere, Udal-politikak eta proiektuak NBEak ezarritako Garapen Iraunkorrerako Helburuak erdiesteko xedearekin.

Behin Lezo 2030 Estrategiak herritarrekin landu ondoren, Udalaren onespena jaso beharko du. Ondoren, urtez urteko jarraipena egingo zaio Planari, bere gauzatze-maila ezagutzeko eta, iraunkortasunerako adierazleen kalkuluaren bitartez, Lezo 2030 Estrategian jasotako jarduerak burutuz, herri iraunkorragoa lortzeko bide egokian ari garen ziurtatzeko.

Modu honetan, lurraldea, ingurumena, gizarte- eta ekonomia-garapenerako gidalerroa definituz, Lezo Udal-kudeaketa iraunkorra bermatuko duen Ekintza-plana duen Gipuzkoako lehen udalerrietako bat izango da, herritarrekiko konpromisoak modu gardenean islatuz eta hauen beharrak modu zuzenago eta parte hartzaileagoan aseaz.

Arloa edo saila
Etiketak