Eskola Agenda 21 ospatu zen atzo Lezoko Pleno Aretoan

Ikasleek Udalari egindako Klima-aldaketari buruzko eskaerek udal ordezkarien erantzuna jaso dute atzo ospatutako Eskolako Agenda 21en foroan.

Joan den ikasturtearen amaieran antolatutako udalbatza berezian, Lezoko Eskolako Agenda 21 programan parte hartzen duten ikastetxeek Klima-aldaketa arintzeko ikasleek hartutako konpromisoak aurkeztu zizkioten Udalari, besteak beste: hondakinak ondo bereiztea eta lurrera ez botatzea; energia arduraz erabiltzea eta erabiltzen ez diren etxetresnak itzaltzea; tuperrak, telazko poltsak, kantinplorak etab. erabiltzea; erabilera bakarreko poltsak ekiditea...

Oraingoan udal ordezkarien txanda izan da, eta ikasleek klima-aldaketa arintzeko Udalari egindako eskaeren erantzuna jaso dute. Bilkura aretoan egindako foroan Laura  Martinez alkateordeak, Ion Pombar Gazteria zinegotziak , Jose Angel Sanchez Ingurumen zinegotziak, Irlentz Ortega Kirol zinegotziak eta Leire Beteta ingurumen teknikariak parte hartu zuten. Ongietorria eman ondoren eskaerak banan-banan erantzun zituzten. Besteak beste, honakoa jakinarazi zieten ikasleei:

  • Bizikletaren erabilera bultzatzeko Lezo-Donibane bidegorrian falta den zatia egiteko lehentasuna eskatuko diote Aldundiari. Bizikletak uzteko aparkalekuak jartzea ere aztertuko dute, erabiltzaileentzat leku egokienak bilatuz.
  •  Energiari dagokionez, Udala esfortzu handia egiten ari dela azaldu dute: argiteria publikoan potentziak egokitu, LED argiak jarri,... Herri Eskolan, halaber, energia modu arduratsuan erabiltzeko 50/50 proiektua garatzen ari dira.
  • Garraio publikoaren inguruan, zerbitzua merketzea eskatu zuten ikasleek. Ingurumen teknikariak azaldu duenez prezioa ez du Udalak jartzen,  Aldundiak baizik.
  • Plastikoak murrizteko kanpainari eta sentsibilizazioari begira, Udalak horiek jorratzeko bide hoberenak zeintzuk diren aztertuko du; besteak beste jaietan edalontzi berrerabilgarriak erabiltzea aurreikusten da.

Lezoko ikastetxeek Eskola Agenda 21 programa garatzen duten 12. ikasturtea da aurtengoa. Honez gero, ura, energia, hondakinak, mugikortasuna, biodibertsitatea, kontsumo arduratsua, zarata eta elikadura bezalako gaiak aztertu dituzte eta, bai eskolan, herrian, zein etxean, hainbat alderdi hobetzeko beharraz jabetuta, urtetik urtera, hainbat konpromiso hartu dituzte. Ikasturte honetan, KLIMA-ALDAKETA ETA ELIKADURA izango dituzte ikasgai eta egindako lana eta emaitzak Udalari aurkezteko asmoz, 2020ko maiatza aldera berriz ere udaletxean elkartzea aurreikusten dute ikasleek.

Arloa edo saila