Eskolako agenda 21 topaketa

Og, 2017-06-08 15:26

Aurreko urteetako ohiturarekin jarraituz, Lezoko Herri Eskolako, Lezo Institutuko eta Pasaia-Lezo Lizeoko ikasle zein irakasleen ordezkariak 2016/2017 ikasturteko amaierako Eskolako Agenda 21en azken topaketan izan dira Mugikortasun Iraunkorraren inguruan landutako proposamenak aurkezten.

Aurten, Mugikortasun Iraunkorra izan dituzte ardatz, esparru ezberdinak jorratuz: ikastetxerainoko bidea egokia den, toki batetik bestera mugitzeko oztopo arkitektonikoak badiren, gurpildun aulkian doazen pertsonentzako eta itsuentzako Lezoko kaleak egokituta ote dauden, etab. Ikasturtean zehar egindako lan horren zati nagusia bi planotan irudikatu dute: Lezoko Puntu Ilunen Mapa eta Lezoko Irisgarritasun Gabezien Mapa izenekoak.

Eskolarteko Forotik Udalbatzara

Ekainaren 6an ospatutako Eskolarteko Foroan ikastetxeetako ordezkariek ikasturtean egindako lanketaren ondorio diren konpromisoen eta Udalari aurkeztu dizkioten eskaeren zerrendak lehenetsi zituzten. Horrez gain, Eskolako Agenda 21 programan parte hartzen duten eragileen (ikasleak, irakasleak, irakasle ez diren eskolako langileak, gurasoak, Udala) partaidetza nolakoa izan den adostu zuten.

Orokorrean, ikasleek, gurasoek eta irakasle ez diren ikastetxeko langileek programan izan duten inplikazio-maila eta partaidetza egokia izan dela baieztatu dute. Eskolako Agenda 21en gaian irakasleen eta Udalaren parte hartzea, aldiz, apur bat hobetu beharko litzatekeela ikusi dute.

Ostegunean, berriz, ikastetxeetako ordezkariak Lezoko udaletxeko Udalbatza aretoan elkartu dira, ikasturtean zehar Mugikortasun Iraunkorraren inguruan egindako ekimenak azaldu eta Eskolarteko Foroan erabakitakoaren berri emateko. Ondorengoak dira ikasleek hartutako konpromisoak eta Udalari zuzendutako eskaerak:

Ikasleen konpromisoak: bizikletan doazenean beti kaskoa jantzita eramatea eta oinezkoak errespetatzea, mugikortasun iraunkorraren inguruan antolatzen diren ekimenetan parte hartzea, ibilbideetako seinaleztapenek dioena betetzea, etab.

Udalari zuzendutako eskaerak: bai Puntu Ilunen zein Irisgarritasun Gabezien mapan jasotako gabezia edo beharrei erantzuna ematea, Lezo-Donibane eta Lezo-Errenteria loturak oinezko eta bizikletentzako seguru bihurtzea, etab.

Amaitzeko, datorren ikasturtean, Eskolako Agenda 21 programan Zarata landuko dutela aurreratu dute.

Arloa edo saila