Lezok hondakin bilketarako sistema berria estreinatu du

Al, 2017-09-18 14:29

Gaurtik aurrera edukiontzi bidezko hondakin bilketa sistema izango dute Lezon eta herritarrek egunero atera ahal izango dituzte hondakinak edukiontzietara. Udal gobernu taldearen aburuz sistema berriak modu egokiagoan erantzuten die herritarren beharrei eta ohiturei eta horrek gaikako bilketa datuak hobetzen lagunduko du.

Lezok gaur estreinatu du ofizialki hondakin bilketarako edukiontzi bidezko sistema udalerri osoan. Urtarrilean, Altamirako auzoan edukiontzi bidezko sistema ezarri zen froga modura. Bien bitartean, Udala, Sanmarko Mankomunitatearen laguntzarekin, beharrezkoak izan diren izapide guztiak gauzatzen eta txipdun edukiontziak prestatzen aritu da. Azkenik, aldaketa errealitate bilakatu da eta dagoeneko sistema berria udalerri osoan ezarri da, herritarren gehiengoaren nahi eta eskariari erantzunez. Beraz, aurrerantzean lezoarrek beren behar eta ohiturei modu egokiagoan erantzuten dien sistema erosoagoa eta erabilerrazagoa izango dute. 

Gauzak horrela, gaurtik aurrera lezoarrek egunero eta edozein ordutan atera ahal izango dituzte hondakinak edukiontzietara. Sistema berriaren aurkezpenean izan dira Lezoko alkatea, Jesus Mari Martiarena, Ingurugiro zinegotzia, Miguel Angel Sanchez, ingurugiro teknikaria, Leire Beteta eta SanMarko Mankomunitatea lehendakaria, Jaime Dominguez-Macaya.

Udaletik berretsi dute aldaketaren helburu nagusia egungo sistema hobetzea dela herritarrei erraztasunak emateko. “Lezoarrak jada ohituak daude hondakinak gaika biltzera eta ziur gaude sistema berriarekin gaikako bilketa datuak hobetuko ditugula edukiontzi bidezko sistema erosoagoa, erabilerrazagoa, garbiagoa, ekonomikoki jasangarriagoa eta atez atekoa bezain eraginkorra edota eraginkorragoa delako eta hobeto erantzuten dielako herritarrei beharrei eta ohiturei” adierazi dute udal ordezkariek gaurko aurkezpenean.

Amaitzeko, Udaletik gehitu dute konfiantza osoa dutela herritarrengan. “Ziur gaude, gaikako bilketara ohituak dauden herritarrek ondo erantzungo dutela aldaketaren aurrean, Altamirako bizilagunek egin duten moduan, herritarrentzat sistema erosoagoa izango delako; horrek gaikako bilketa datuak hobetzen lagunduko digu. Sistemaz aldatu duten hainbat herritan oso emaitza onak lortu dituzte, horregatik Lezon ere emaitza onak lortuko ditugula uste dugu” amaitu dute.

Sistema berriaren ezaugarriak:

Sistema berriak 5 edukiontzi ditu. Edukiontzi marroi eta grisek txipdun sistema bat dute eta beraz, horiek zabaltzeko beharrezkoa da txartela izatea. Dagoeneko herriko etxe guztietara bidali ditu Udalak aipatu txartelak. Gainerako edukiontziak, hau da, horia, urdina eta berdea zabalik egongo dira eta beraz, hondakin gai horiek ere egunero atera ahal izango dira.

Udalak txipdun edukiontziak ezartzea erabaki du, edukiontzi grisaren eta marroiaren kasuan, edukiontzien erabilera kontrolatu eta aztertzeko eta edukiontzi marroira bestelako hondakinak bota ez daitezen lortzeko. Edozein kasutan, herritarrek hondakinak egunero atera ahal izango dituzte herriko edozein edukiontzietara.

Landa eremuari dagokionean, 3 ekarpen gune egokitu dira eta bakoitzean 5 edukiontzi daude. Ekarpen gune horietara sartzeko txartela beharrezkoa izango da sarraila elektronikoa dutelako eta txartela aktibatzeko landa eremuko bizilagunek udaletxeko Hondakinen bulegora joan beharko dute.

Poltsa konpostagarriak jaso ez dituzten herritarrek Udaleko Hondakinen bulegoan jaso ditzakete. Aipatu poltsak doakoak dira eta amaitzean, berrien bila joan beharko dute herritarrek Udalera. Poltsa berriak edozein momentutan jaso daitezke. Poltsa konpostagarriak soilik materia organikoa biltzeko eta edukiontzi marroian botatzeko erabili behar dira.

Edozein zalantza argitzeko herritarrek Hondakin bulegora jo dezakete edota 943 52 15 38 telefonora deitu. Era berean, Udalak sortutako Hondakinen Gida kontsulta dezakete.

Mankomunitateko lehendakariak, Jaime Dominguez-Macayak, bere aldetik, adierazi du Lezon edukiontzien bidezko sistema ezartzea erronka polita izan dela San Markorentzat eta eskertzeko dela Lezoko udalerriak SanMarko mankomunitatearen alde egindako hautua, izan ere, aurrerantzean, Lezoko hondakinen bilketa integrala Mankomunitatean esku egongo baita eta “ardura hori hartzea oso garrantzitsua” dela azpimarratu du lehendakariak. Amaitzeko, zerbitzu mankomunatuak onurak dakartzala nabarmendu du eta esan du, erronka nagusia gaikako bilketa datuak hobetzea dela. “Lezoren kasuan, herritarrak jada ohituak daude gaikako bilketara eta lezoarrek eskatutako sistema berria ezarrita, emaitzak hobetu ahal izango ditugu” amaitu du. 
 

Arloa edo saila