Zaraten Ekintza Plana jendaurrean jarri du Lezoko Udalak

Plana ikusgai dago dagoeneko hemen eta alegazioak egiteko epea zabalik egongo da uztailaren 27a arte.

Ekintza Planaren helburua da Zaraten Mapan identifikatutako zarata-iturriei erantzuna ematea.

Zaraten arazoa herritarrei zuzenean eragiten dien gaia izanik, 2015-2016 bitartean Udalak Zaraten Mapa egin zuen Lezoko zarata iturriak aztertu eta identifikatzeko.

Bertan jasotako emaitzei jarraiki, lau dira Lezon zarata gune edo Babes Akustiko Bereziko eremu gisa identifikatutako guneak: herrigunea zeharkatzen duten errepideak (GI 3440 eta GI 2638), trenbidea eta portua. Horiez haratago, Lezo herri lasaia dela ondorioztatu zuen aipatu Mapak.

Edonola ere, Udalak, Lezoko soinu ingurua hobetu eta Mapan identifikatutako zarata-iturriei konponbidea ematea helburu hartuta, Zaraten Ekintza Plana lantzeari ekin zion Udalak. Dokumentuaren lanketa horretan herritarren ekarpenak ere jaso dira, eta dagoeneko amaituta eta ingurumen sailean dago ikusgai zein eskuragarri. Horri lotuta, alegazioak egiteko epea zabalik egongo da uztailaren 27a arte.

Lezoko soinu ingurua hobetzeko Ekintza Plana

Zaraten ekintza Planaren helburu nagusia da aurrez Zaraten Mapan identifikatutako zarata iturriei irtenbidea ematea, eta hori lortzeko hiru ardatz nagusi definitu dira:

  • Kudeaketa eraginkorra
  • Prebentzioa
  • Hobekuntza

Ardatz bakoitzak, halaber, bi lerro nagusi jasotzen ditu (guztira 6 lerro) eta lerro bakoitzaren baitan horiek aurrera eramateko ekintza desberdinak jaso dira.

Kudeaketa eraginkorra:

Udaletxe barruan egin beharreko lana zehaztu eta zarataren inguruan kontzientziazioa nola landu eta informazioa nola zabaldu jasotzen da.

Prebentzioa:

Hiria garatzerakoan zarata murrizteko zein neurri hartu behar diren zehaztu eta gune lasaiak identifikatzen dira.

Hobekuntza

Zarata kontaminazioa gutxitzeko neurriak eta beste zarata iturrietara bideratutako neurriak jasotzen dira.

Amaitzeko, Udalak eskerrak ematen dizkie dokumentuaren garapenean parte hartu duten lezoar guztiei eta horren bitartez, herriko soinu ingurua eta bide batez, herritarren bizi kalitatea hobetzea espero duela adierazi du.

Arloa edo saila