Kirol jardueretan harmailetan jarrera egokia sustatzeko bideoa

Og, 2016-11-10 16:12

Guraso, entrenatzaile eta ikusleen jarrera hezitzailearen garrantziaz ohartaraztea da helburua

Oarsoaldeko Kirol Mahaiak eskualdeko kirol-saioetan gurasoak, entrenatzaileak eta ikusleak jarrera egokiaren inguruan sentsibilizatzeko bideoa aurkeztu du, kirolaren praktika hezitzailea lortzeko bidean garrantzitsua izango delakoan.

Oarsoaldeko Kirol Mahaian eskualdeko lau udalek dute ordezkaritza eta elkarlanean, eskualdean kirolaren praktika sustatzearen alde egiten du lan Kirol Mahaiak. Horren adibide nagusienetako bat 8-12 urte arteko haurrei eskaintzen den Eskola Kirola programa da (aurten, lau herrietako 2.757 haurrek parte hartzen dute programan).

“Eskola Kirolaz gain, kirol federatua eta bestelako kirol jarduerak kontuan izan behar ditugu eskualdeko kirol praktikaz osotasunean hitz egin nahi badugu”, diote ordezkariek

“Horregatik, 2016-2017 denboraldia hasi den honetan, ezinbestekoa iruditu zaigu kirol lehiaketetan parte hartzen duten eragile guztiei (guraso, entrenatzaile, ikusle…) jarrera egokia mantentzeko garrantziaz kontzientziatzea, batetik, kirolak berez duen helburu hezitzailearengatik eta bestetik, beraien presentzia eta laguntza eskertzeko”.

Arloa edo saila