16 pertsonek erabiltzen dute Kirol Orientazio Zerbitzua

Og, 2017-03-30 14:19

Herritar orori zabaldutako zerbitzua da; ez soilik kirolik praktikatzen ez dutenei, baita adibidez, sedentarioak diren haurrei edota gizarte esklusioan daudenei ere. Zerbitzua ezagutzera eramateko, esku orriak sortu dituzte eta zerbitzua kalera atera dute; kirol teknikaria astean behin edo bitan osasun zentroan izaten da zerbitzuari buruzko informazioa herritarrei ematen eta esku orria banatzen

Muittulezo Lezoko herritarrak bizitza aktiboagoa eta osasuntsuagoa izan dezaten bultzatu nahi duen estrategia da. Lezoko Udalak, estrategia horren baitan, “Lezoko Jarduera Fisikoa eta Kirolaren Orientazio Zerbitzua” aurkeztu zuen duela hilabete batzuk. Egun, jada, 16 pertsonek erabiltzen dute zerbitzua. Horietako batzuk zuzenean joan dira Aiton Bordako bulegora, beste batzuk aldiz,  osasun zentrotik bideratu dituzte.

Gauzak horrela, zerbitzua ezagutzera emateko eta herritarrek zerbitzua ezagutu dezaten sustatzeko, informazio esku orriak sortu dira eta zerbitzua kalera atera da. Datozen asteetan, Kirol Orientazio zerbitzua emateaz arduratzen den teknikaria behin edo bitan egongo da osasun zentroan eta herriko beste kanpo guneetan, zerbitzuari buruzko informazioa herritarrei ematen eta esku orriak banatzen.

Zerbitzua herritar orori zuzenduta dago, bai kirolik praktikatzen ez duten herritarrei, eta, baita esaterako, lesio edo patologiaren bat dutenei, mugitzea edo ohiko kirol jarduerak gustukoak ez dituzten haurrei edo esklusioan daudenei ere.

Herritarra bere kabuz joan daiteke bulegora informazio bila edo osasun zentrotik ere bideratu ditzakete pertsonak Kirol Orientazio Zerbitzura; osasun-zentroan jarduera fisikoa egiteko errezetak banatzen baitzaizkie gaixoei. Haurren edo gizarte bazterketa egoeran dauden pertsonen kasuan,  gizarte ongizate sailetik eta eskoletako orientatzaile eta gurasoen eskutik bideratuko dira teknikariarengana.

Honenbestez, adin guztietako pertsonen artean kirol praktika bultzatu nahi duen zerbitzu honek alor sozialari eta pertsonen integrazioari ere erreparatzen dio, pertsonen arteko harremanak ere sustatzen dituelako, izan ere, kirola egitea gomendatu ondoren, kiroldegira edo beste guneetara kirola praktikatzera joateak beste pertsonekin harremanetan jartzen zaituelako.

Bulegoaren kokapen eta ordutegia:

Aiton Bordan dago kokatua orientazio-gunea eta zerbitzua doakoa da. Bulegoa asteartetan 9:30etik 11:30era, asteazkenetan 17:30etik 19:30era eta ostegunetan 9:00etatik 10:30era dago zabalik.

Arloa edo saila