Hobekuntza gehiago Plazeta futbol zelaian

Az, 2019-09-25 11:00

Aipatu espazioa belar artifizial eta kortxoz osatuta dago eta bertako funtzionaltasuna mantendu eta bermatze aldera, oraingoan 7000 kortxo kilo inguru bota dira zelaian; horrez gain, futbol zelaiko sarrerako atea aldatu eta larrialdietako irteerak ere egokitu ditu Udalak.

Datozen hilabeteotan, halaber, beste hainbat berrikuntzei helduko die Udalak, hala nola fitness makinak jartzeari, Skate Park-a berritzeko proiektuari edota ur txorrotadak jartzekoari.

Lezon oro har gero eta jende gehiagok egiten du kirola eta hori jakinik, Udalak etengabeko lanean dihardu herriko kirol espazio zein azpiegiturak hobetu eta lezoarrei kirol zerbitzurik egokiena eskaintzeko.

Bide horretan, Udalak arreta berezia eskaini dio Plazeta futbol zelaiari, herritarrek asko erabiltzen duten kirol espazioa baita hori. Horri lotuta, aurten hainbat inbertsio eta berrikuntza egin ditu bertan, besteak beste sarrerako atea aldatu eta berria jarri edota larrialdietarako irteerak egokitu.

Horrez gain, futbol zelaiaren erabilgarritasunari eta funtzionaltasunari erreparatuz, hori bermatu eta espazioa erabiltzaileen beharretara egokitze aldera, mantentze lanak egin berri ditu bertan, horretarako, besteak beste, 7000 kortxo kilo inguru botaz.  

Izan ere, Plazeta bezalako belar artifizialdun futbol zelaiak, belarraz gain, material ezberdinez osatuta daude, hala nola, plastikoa, kautxua edota kortxoa eta 5 urtetik behin, bigarren material hori ordezkatzea komeni da zelaiaren erabilgarritasuna eta funtzionaltasuna bermatzeko.

Plazetaren kasuan, futbol zelaia belar artifizial eta kortxoz osatuta dago, eta, esan bezala,  haren funtzionaltasuna bermatze aldera, erabilita dagoen kortxo hori berri batengatik ordezkatu du Udalak.

Plastikoarekin alderatuz, esaterako, kortxoak hainbat eta hainbat ezaugarri positibo ditu. Azpimarragarria da bereziki naturarekiko eta ingurumenarekiko material errespetutsua dela, baliabide naturala, biodegradagarria eta jasangarria baita. Horrez gain, maiztasun gutxiagorekin ureztatu beharra dago, ondorioz, ura aurrezten da eta gainera, kutsadura maila txikiagoa sortzen du eta ez du usainik botatzen. Eta hori gutxi balitz, baloia ere errazago mugitzen da material hori duten zelaietan.

Datozen hilabeteotan hobekuntza gehiago kirol arloan

Plazeta futbol zelaiaz haratago, Bekoerrota kiroldegian ere hainbat hobekuntza eta berrikuntza egitea aurreikusita du Udalak, hala nola fitness makinak jarri, skate park-ea berritu edota igerilekuan ur txorrotadak jarri. Edonola ere, horiei guztiei datozen hilabeteotan helduko diela aurreratu dute Udaletik.

 

 

Arloa edo saila