Olentzero Bekoerrota kiroldegira heldu da

Og, 2019-12-19 14:09

Puntako kirol makina berriak jarri berri dira Bekoerrotan, hain zuzen 10 bizikleta, 3 zinta eta 2 eliptika.

Helburua da erabiltzaileei kirola egiteko azpiegitura, material eta baliabide egokienak eskaintzea.

Eguberrien bezperan, badirudi Olentzero pixka bat aurreratu eta Bekoerrota kiroldegira egin duela lehen bisita. Izan ere, bertan, kirola egiteko makina berriak jarri berri dira, hain zuzen 10 bizikleta, 3 zinta - oinez ibili edo korri egiteko - eta 2 eliptika.

Aipatu guztiak puntako makinak dira, hau da, teknologia berritzaileenez osatuta daude, bereziki zintak eta eliptikak.  Bizikleten kasuan, bluetooth bidezko konexioa eskaintzen dute guztiek eta horren bitartez, www.keiser.es webgunean kontua sortuz gero, erabiltzaileek bizikleta horietan egindako entrenamendu saioak gorde ahal izango dituzte, horiei jarraipena eman ahal izateko. Horrez gain atril txiki moduko bat ere badute, bertan mugikorra, tableta edo e-booka utzi ahal izateko.

Zintek eta eliptikek, aldiz, bluetooth-az haratago, Interneteko konexioa eta pantaila bat dute. Horrekin, erabiltzaileek, mugikorra makinara konektatu beharrik gabe, makinak berak duen nabigatzailearen bitartez, musikaz (youtube, spotify…) telesailez, filmez (netflix…), dokumentalez etab. gozatzeko aukera izango dute kirola egiten duten bitartean. Era berean, eliptikan dabiltzanek edo zintan oinez egiten dutenek, ibilbide desberdinak aukeratu ahal izango dituzte eta pantailan bertan agertuko zaie irudikatuta ibilbide hori. Aukeratutakoaren arabera, gainera, zinta edota eliptikaren intentsitatea aldatuz joango da: aldapa gora bada gogorrago, beherantz bada, arinago.

Horrez gain, norberak perfil pertsonal bat sortuz gero, entrenamendu saioak ere jaso ahal izango ditu bertan. Perfila sortzeko nahikoa izango da helbide elektronikoa sartzea.  

Berritasun horiekin, helburua da kiroldegiko erabiltzaileei kirola egiteko azpiegitura, material eta baliabide egokienak eskaintzea. Horretarako hain zuzen jaso zuen udal gobernuak kontu sail berezia 2019ko aurrekontuetan, eta emandako hitza beteaz, kirol makina berri eta berritzailez hornitu du kiroldegia erabiltzaileen beharrei erantzuna eman eta bide batez, Bekoerrota kirola egiteko modu berrietara egokitzeko.

Bide horri helduta, halaber, urtarrilean, gimnasioko muskulazio atalerako makina berri bat jarriko duela ere aurreratu dute Udaletik.

Arloa edo saila