Udako Kirol Kanpaina: 35 jarduera baino gehiago 3 eta 16 urte arteko haur eta gazteentzat

Al, 2019-05-06 09:51

Oarsoaldeko lau udalek aurkeztu dute eta izen-ematea atzo zabaldu zen.

Oarsoaldea eskualdeko Errenteriako, Lezoko, Oiartzungo eta Pasaiako Udalek, elkarrekin antolatu eta zabaldu dute UDA 2019 Kirol Kanpaina, zortzigarren urtez jarraian. Kirol eskaintza oparoa aurkezteko prentsaurrekoa eman dute gaur goizean Lezoko Kiroldegiko rokodromoan, bertan izan dira lau udalerrietako kirol zinegotziak Jon Txasko (Errenteria), Irlentz Ortega (Lezo), Lore Suarez (Pasaia) eta Enekoitz Markos (Oiartzun).

UDA 2019 Kirol Kanpaina lau udalek osatzen duten Eskualdeko Kirol Koordinazio Mahaiak antolatu eta bultzatu du aurreko urteetako arrakasta ikusita. Elkarlan honen helburuak, besteak beste, hauek izan dira: lau udalen baliabideak modu eraginkorragoan erabiltzea eta herritarrei aukera zabalagoa eskaintzea.

Guztira, 35 jarduera baino gehiago eskaintzen dira, 3 eta 16 urte bitarteko haurrentzat. Aurreko urtean bezala helduei zuzendutako jarduerak ere lekua izango dute (16 urtetik gorakoentzat). Besteak beste, ondorengoak dira eskaintzen diren ekintzak: igeriketa, areto jarduerak, paddela, bela edota urpekaritza.

Izena emateko epea atzo zabaldu zen. Jarduera bakoitzari buruzko informazio zehatza eskuratzeko, eskuorrian adierazten diren webgune eta telefonoak erabil daitezke. Era berean, udalerrietako kirol instalazioetan ere ekintzei buruzko informazio zehatzagoa jaso daiteke.

8.500 diptiko

Pasa diren urteetan egin den moduan Oarsoaldeko Udako Kirol Kanpainako eskaintza eskuorri bakarrean jaso da, aurreko urteko formatu berean. Izan ere, askoz ere eraginkorragoa iruditu zaigu informazio guztia modu honetan jasotzea, herritarrek eskaintza guztia begirada bakar batean bistaratzen dutelako. Eskuorrian lau udalerrietan eskaintzen diren jarduerak jaso dira.

Guztira, 8.500 diptiko banatuko dira. Diptikoak eskualdeko ikastetxeetan eta kirol instalazioetan banatuko dira. Halaber, eskaintza horiek guztiak lau Udaletako webguneetan zintzilikatuko dira.

Jarduera aniztasuna

Aurreko urteetan martxan jarritako eta gure eskualdean hain ohikoak ez diren hainbat jarduera, Paddel Board, Nordik Walking, Zirkoa parkean… besteak beste, mantentzen dira.

Udan antolatzen den ekimena izanda azken urteetan, aurten bereziki indarra eman nahi izan zaie eta herritarrak animatu nahi dira ITSASOArekin zerikusia duten jarduerei, eta aurten ere eskaini diren bela, piraguismoa, arrauna, Paddel Surf eta urpekaritza ekintzak egin ahal izango dira. Jarduera hauek ingurune naturalean egiten dira eta Badia beste ikuspegi batetik ikusteko eta bizitzeko aukera ematen dute. Beste kostaldeko herrietan hain arrakastatsua den BELA jarduera egiteko aukera ematen du badiak ere eta honekin batera haizea, belauntzi eta korapiloen ezagutzan murgildu.

Prezioak eskuorrian begiratu daitezke. Halaber, bertan jasotzen dira kirolguneen eta antolatzaileen helbideak eta telefono zenbakiak.

Gogorazten dugu, pasa den urtean bezala, Pasaiako Udalak Donibaneko kirolgunean piraguen eta Paddel Board-eko tablen alokairu zerbitzua eskainiko duela. Zerbitzuari buruzko informazioa Donibaneko webgunean eskuratu daiteke. Banakako zein binakako piraguak alokatu daitezke, ordu eta erdi, hiru ordu, egun erdia edota egun osorako. Halaber, uda osorako bonua ere egin daiteke. Zentzu honetan, aukera ezin hobea da zerbitzu berri hau, badia eta kostaldea ezagutuz, egun pasa ahaztezinak egiteko.

 

Arloa edo saila