Kilometro Lezo kultur agendako hirugarren asteburuan antzerkia eta musika nagusi

Or, 2020-08-28 10:04

Ostiralean Trapu Zaharra antzerki taldeak “Turistreatzen” antzezlana eskainiko du eta larunbatean, Ghost Number taldearen kontzertua izango da Lezon, azken hau bertan behera utzi behar izan zen Lesoinu programatik berreskuratua. Bi ekitaldiak Herri Eskolako patioan eskainiko dira gaueko 23:00an eta sarrerak salgai daude udal webgunean edota kultura saileko bulegoetan.

Aste bukaera honetan Kilometro Lezo udako kultur agendaren hirugarren asteburua ospatuko dugu Lezon eta oraingoan,  joan diren asteburuetako kultur ekintzei jarraipena emanez, antzerkia eta musika berriro izango dira nagusi Lezon, euskal musika, dantza eta antzerkia uztartzen dituen kultur agenda honen baitan.

Izan ere, Kilometro Lezo agendaren helburu nagusia da kultur ekintza, ekitaldi zein jarduerak suspertzea eta noski, euskal kultura indartzen eta bultzatzen jarraitzea, kulturak zein arte sormenak gure gizartean duten eginkizuna eta balioa ikusaraziz.

Antzerkia eta musika asteburu protagonista nagusiak

Kilometro Lezok guztira 8 ekitaldi jasotzen ditu eta guztiak ostiral zein larunbatean eskaintzen dira.

Hirugarren asteburu honetan, ostiralean, hilak 28, Trapu Zaharra antzerki taldeak “Turistreatzen” antzezlana eskainiko du Lezon. Obra horren bitartez, bidaia-agentzia batek industria-turismoaren eta masa-turismoaren ingurumen-ondorioak murrizteko kanpaina aitzindaria martxan nola jartzen duen kontatuko du taldeak. Antzerkia euskaraz izango da.

Larunbatean, halaber, musika izango da protagonista nagusia Ghost Number talde donostiarraren emanaldiarekin. Kontzertu hau COVID-19aren eraginez bertan behera gelditu zen Lesoinu programatik berreskuratu du Udalak. Talde honek Oihartzunak oihanaren sakonetik, country tanta koipetsuak, 20ko hamarkadako swingaren alderdirik zaharrena, kalypsoa eta Tom Waits esperimentalenaren ukituak eskainiko ditu.

Sarrerak dagoeneko eskuragarri

Aipatu bi ekitaldiak gaueko 23:00etan eskainiko dira Herri Eskolako patioan, doakoak izango dira eta sarrerak dagoeneko eskuragarri daude udal webgunean zein kultura saileko bulegoetan.

Amaitzeko, egungo egoera kontutan hartuta, Kilometro Lezoko ekitaldiak aurrera eramateko protokolo zorrotz bat osatu du Udalak, antolatzaile, artista parte-hartzaile eta ikusle ororen segurtasuna eta osasuna bermatzeko. Hauek dira hartutako neurri nagusiak:

  • Ekitaldi bakoitzeko gehiengo aforoa 250 pertsonakoa izango da eta guztiak eserita egon beharko dute
  • Horretarako aulkien arteko segurtasun distantzia bermatuko duen espazioa aukeratu da, Herri Eskolako patioa hain zuzen
  • Sarreran eskuak bertan egongo den gel hidroalkoholikoarekin garbitu beharko dira
  • Barrura sartzeko ezinbestekoa izango da musukoa erabiltzea, baita ekitaldiak irauten duen bitartean ere
Arloa edo saila