“Kilometro Lezo”, udako kultur agenda aurkeztu du gaur Lezok

Or, 2020-07-10 16:34

Abuztuaren 14tik hasita irailaren 5a arte, euskal musika, dantza eta antzerkia uztartzen ditu Kilometro Lezo kultur agendak.

Helburua da egungo egoeraren aurrean euskal kultura sustatzen eta bultzatzen jarraitzea eta Lezo kulturalki piztu eta indartzea.

Uda sasoian bete betean sartuta jada, gaur goizean prentsaurreko bidez aurkeztu du Lezoko Udalak “Kilometro Lezo” deituriko udako kultur agenda. Prentsaurrekoan egon dira Jesus Mari Martiarena alkatea, Ion Pombar kultur zinegotzia, Laura Muñoz ogasuneko zinegotzia eta Xanti Val, kultur teknikaria.

Lezoko Udalak kulturarekiko apustu irmoa azaldu du beti eta gaurkoan aurkeztutako agendaren bitartez, konpromiso eta apustu horri jarraipena eman nahi dio, Lezo kulturalki pizten eta indartzen jarraitzeko, “kulturarik gabe ez baitago Lezorik” aipatu du Jesus Mari Martiarenak, Lezoko alkateak.  

Izan ere, COVID-19ak eragindako geldialdiak gogor kolpatu ditu gizarteko hainbat eta hainbat sektore, horien artean, kulturarena. Hori dela eta, Lezoko Udalak, kulturarekiko apustuan, helburu du kultur ekintza, ekitaldi zein jarduerak suspertzea eta noski, euskal kultura indartzen eta bultzatzen jarraitzea. Eta hori da, hain zuzen, Kilometro Lezo kultur agendaren oinarri nagusia.

Gauzak horrela,  Kilometro Lezok euskal musika, dantza eta antzerkia uztartzen ditu, “kalitatezko kultur programa anitza osatuz”, azpimarratu du Ion Pombarrek, kultur zinegotziak. Programaren baitan, halaber, Lezoko kultur taldeen emanaldiak ere txertatu dira, herriko kultur eragileen presentzia bistaratu, eta lana babestu eta indartzeko. “Kultur sektorearentzako garai gogor hauetan, Lezoko Udalaren helburua da Euskal Herriko eta noski, Lezoko arte eszenikoak dinamizatu, balioan jarri eta ikusaraztea, hau da, kulturak zein arte sormenak gure gizartean duten eginkizuna eta balioa aldarrikatzea”, gehitu du.

Euskal kultura ardatz duen agenda

Abuztuaren 14tik hasita irailaren 5a arte, Kilometro Lezok guztira 8 ekitaldi jasotzen ditu. Guztiak  asteburuetan eskainiko dira, ostiral zein larunbatetan, ordutegi berantiarrean, gaueko 23:00etan, alegia. “Arrazoia sinplea da: eguneko plana norberak egiten du eta gauekoa Lezoko Udalak eskaintzen dizu”, adierazi du Pombarrek. Udal ordezkariek azaldu dute ordutegi hori egoki ikusi dutela eguneko beste planekin uztartu ahal izateko, “nahi duenak eguna amaitzeko Lezon afaldu eta ekitaldiaz gozatzeko aukera izan dezan”, gehitu dute.

Aurrez aipatu bezala, Kilometro Lezoko artista guztiak dira euskaldunak, hala nola Haatik dantza konpainia pasaitarra, Markeliñe antzerki talde zornotzarra edota Trapu Zaharra donostiarra. Musikan, halaber, eskarmentu handiko artistak ere izango dira Lezon: The Ghost Number & His Tipsy Gypsies, bertan behera gelditu zen Lesoinu programatik berreskuratua, Maria Berasarte nazioarteko izar donostiarra eta Tenpora talde tolosarra. Era berean, iraileko ekitaldiak Lezoko kultur taldeen osatzen dituzte, hain zuzen Murixka dantza taldeak eta Musika Eskolako rock taldeak

Horiek horrela, programazioa ondorengoa izango da:

Abuztuak 14: Haatik dantza konpainia “Errimak bi oinetan” ekitaldiarekin.

Abuztuak 15: Maria Berasarte “Lurra eta Bidea” lanarekin.

 

Abuztuak 21: Markeliñe antzerki taldea “Crusoe” antzezlanarekin. Obra mutua da.

Abuztuak 22: Tenpora taldea “Itzulika” lanarekin.

 

Abuztuak 28: Trapu Zaharra antzerki taldea “Turistreatzen” antzezlanarekin

Abuztuak 29: Ghost Number & His Tipsy Gypsies taldea

 

Irailak 4: Murixka dantza taldea

Irailak 5: Musika Eskolako rock taldea

 

Ekitaldi guztiak Herri Eskolako patioan eskainiko dira, aire librean. Doakoak izango dira, baina aforoa kontrolatzeko asmoz, sarrerak aldez aurretik hartu beharko dira ohiko bideen bitartez: kultur bulegoan edota online, ahal den neurrian azken hori lehenetsiz.

Astean asteroko sarrerak banatuko dira, hau da, ezingo dira aldez aurretik programa guztirako sarrerak eskuratu. Neurri horren helburua da ahalik eta jende gehienak izatea ekitaldiez gozatzeko aukera. “Euskal Herriko puntu desberdinetako artistak izango ditugunez, artista ezagunak, gainera, uste dugu inguruko herrietako jendeak ere artista hauek zuzenean ikusteko interesa izan dezakeela”, adierazi du Pombarrek.

Amaitzeko, jaialdi hau antolatzeaz haratago, kulturgintzak bizi duen egoera latza samurtzeko Udalak hainbat neurri hartu dituela adierazi dute kultur ordezkariek. “Gobernu talde honek kulturarekiko apustu sendoa egiten jarraituko du eta horri helduta Gezalako programazioa mantentzeko ahaleginak egingo ditu. Era berean herriko kultur eragileekin elkarlanean jarraituko du hitzarmen lerroak indartzen eta gureak diren jarduera horiek aurrera ateratzen”, azaldu du Pombarrek.

Osasun eta segurtasun neurriak:

Kultura berpizteaz gain, aurtengo erronka nagusietako bat da, egungo errealitateari erreparatuz, antolatutako ekitaldi oro segurtasun eta osasun neurri zorrotzen pean aurrera eramatea.

Ildo horretan, Kilometro Lezoko ekitaldiak aurrera eramateko protokolo zorrotz bat osatu du Udalak, antolatzaile, artista parte-hartzaile eta ikusle ororen segurtasuna eta osasuna bermatzeko. Hauek dira hartutako neurri nagusiak:

  • Ekitaldi bakoitzeko gehiengo aforoa 250 pertsonakoa izango da eta guztiak eserita egon beharko dute
  • Horretarako aulkien arteko segurtasun distantzia bermatuko duen espazioa aukeratu da, Herri Eskolako patioa hain zuzen
  • Sarreran eskuak bertan egongo den gel hidroalkoholikoarekin garbitu beharko dira
  • Barrura sartzeko ezinbestekoa izango da musukoa erabiltzea, baita ekitaldiak irauten duen bitartean ere
Arloa edo saila