Kultur agendak ez du etenik izango Lezon

Udalerri guztiak itxita badaude ere, kultur agendan aurreikusitako ekitaldi guztiak mantendu egingo dira eta orain arte bezala, segurtasun berme guztiekin eramango dira aurrera.

Aurrez sarrerak erosita eta itxiera dela eta Lezora bertaratu ezin duten inguruko herrietako pertsonei sarreraren dirua itzuliko zaie.

Covid-19ak eragindako osasun krisiak badirudi ez duela etenik oraindik eta honen hedapena moztu nahian, Osasun Sailak hartutako azken neurrien artean, EAEko udalerri guztiak itxi egin dira, hau da, astelehenetik aurrera salbuespenak-salbuespen (lana, ikasketak, zaintza, osasuna…) ezin da norberaren herritik irten. Neurri murriztaile horiek, noski, eragina dute egunerokotasuneko hainbat ekintza, jardun eta arlotan, hala nola, kulturan.

Egoera honen aurrean, baina, Lezoko Udalak kulturarekiko egiten duen apustu irmoa mantentzen du eta pandemiaren bilakaerak aukera ematen duen heinean, kultur agendarekin aurrera egiten jarraituko du. 2021erako antolatutako kultur ekitaldiek, beraz, ez dute etenik izango Lezon.

Horri jarraiki, urtarriletik ekainera bitarteko ekitaldi guztiak bere horretan mantenduko dira eta, orain arte bezala, segurtasun berme guztiekin eramango dira aurrera, horretarako landutako protokolo zorrotzari helduta. “Garai gogor hauetan inoiz baino gehiago frogatu da kultura sostengu emozional bikaina dela guztiontzat eta horretaz gain, gure nahia da kultur eragileak eta horien lana babestu eta bultzatzen jarraitzea”, azaldu dute Udaletik.

Dena dela, aurrez sarrerak erosita eta itxiera dela eta Lezora bertaratu ezin duten inguruko herrietako pertsonei, sarreraren dirua itzuliko zaie. Kasu horretan, Udaleko kultur saileko bulegora deitu - 943 51 34 76- edo kultura@lezo.eus helbidera idatzi ahal izango da.

Bes-te-bat”: Liher, ostegunean Lezon

Ostegun honetarako, adibidez, Liher artistaren kontzertua eskainiko da Lezon eta sarrera guztiak agortuta daude. Aipatu bezala, bertaratu ezin dutenei sarreraren dirua itzuliko zaie eta sarrera horiek berriro salmentan jarriko dira asteazken eguerdirako, udal webgunean. “Alde ona begiratuz, sarrera gabe gelditu ziren lezoarrek kontzertuaz gozatzeko aukera berri bat izango dute”, amaitu dute Udaletik.

Arloa edo saila