Laster Elias Salaberriaren margolan bat Lezon izango dugu bueltan

Or, 2019-03-01 14:38

Bitartean, gaurko prentsaurrekoan margolariaren senitartekoek, Justo Pascua Velasco margolariak Elias Salaberriari eginiko erretratua utzi diote epe laburrez Udalari lezoarrek obra ikusteko aukera eduki dezaten

Lezoko Udalak kulturarekiko apustua egiten jarraitzen du hainbat ekimen bultzatuz eta kulturak batzen dituen alderdi guztiak kontutan hartuz. Horregatik, udal aurrekontuetan ageri den diru partida bat Madrilen dagoen Elias Salaberriak margotutako erretratu bat eskuratzeko jasoa dago. “Herriari zor zaion zerbait da, Lezoko ondarea, eta hainbat tramiteren ondoren laster izango dugu koadroa gurean” dio Jesus Mari Martiarena alkateak.

Madrilgo obra eskuratze lanetan dabil Udala momentuz. 80x120 tamainako olio-pinturaz eginiko obra hau Elias Salaberriak Fermín Calvetón-i oparitu zion (hori esaten da behintzat, ez baitakigu ziurtasun osoz nola heldu zen bere eskuetara); bertan, margolariaren aitaren erretratua ageri da.

Koadroa ekarri bitartean, Salaberriaren familia Udalarekin jarri da harremanetan eta lezoar Urkiri Salaberria eta bere aitari esker, Justo Pascua Velasco margolariak Salaberriari eginiko erretratu bat eskuratu da epe laburrez lezoarrek obra ikusteko aukera eduki dezaten. Salaberria familiak herentzian jasotako margolana da ageriko dena lezoarrentzat ikusgai. Obra honen ematea egin da gaur goizean Lezoko Pleno Aretoan Jesus Mari Martiarena alkatea, Urkiri Salaberria eta Urkiriren aita Elias Salaberria koadroaren jabeak, eta Xanti Val kultura teknikaria bertan zirela. Eliasek eta Urkirik koadroaren inguruko adierazpen batzuk egin dituzte, izan ere, azken hau Arte Ederretan doktore da.

Nabarmendu nahi da Lezoko gobernu taldearentzat lehentasunezkoa dela kultura eta herriko kultur taldeek sortutako ekintzak sustatzea, izan ere, honek indartzen du Lezoren identitatea eta horri esker, herritarrei askotariko kultur ekimen aberatsak eskaintzen zaizkie. Horregatik, legealdian zehar hainbat proiektuk egin dute aurrera aurrekontua handitzeari esker: aldagela berriak Gezala Auditorioan, herriko kultur taldeentzat lokal berria eta talde hauek egiten duten lana babesteko ekimen desberdinak, besteak beste.

Arloa edo saila