Lezoko 1936ko Udal Korporazioari eta Felix Arriagari omenaldia egin zaie

Udaletxean eta Gurutze Santuaren plazan egin dute, eguerdian.

Felix Arriaga Zapirain, frankistek duela 85 urte hil zuten langilea, eta udal korporazioak merezitako aitortza jaso dute gaur eguerdian Lezon. Udalak eta Lezoko Memoria Historikoaren Elkarteak, Etxetxok, elkarlanean antolatutako omenaldia da.

12:30ean, ekitaldi itxi bat egin da udaletxean, edukiera txikiarekin, COVID-19k eragindako pandemiaren ondorioz. Bertan, Lezoko alkateak, 1936an kargutik kendutako alkatearen alabarekin batera (Patruxi Lopetegi), plaka bat inauguratu du udalbatzako kideen omenez. Ekitaldian komunikabideak, udal ordezkariak, Etxetxo elkarteko kideak, Ion Gambra Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren zuzendaria eta Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendaria izan dira.

Ondoren, omenaldiari jarraipena eman zaio herriko plazan, 150 lagunentzako aforoarekin. Felix Arriaga omendu dute agurrarekin, lore eskaintzarekin, kontzertuarekin (Iñaki Labaka), aurreskuarekin eta herriko abesbatzaren hainbat kanturekin (Ane Espina eta Paul Muñoz intrumentuetan). Udaletxeko kanpoko horman plaka oroigarri bat ere inauguratu da.

Ion Pombar kultura zinegotziak, Udalaren izenean, adierazi duenez, "Lezoko Udalak berea egiten du altxamendu militarraren, gerra zibilaren, errepresio frankistaren eta trantsizio demokratikoaren biktimek duten tratu desberdina duintasunez konpentsatzea eta tratatzea. Beste era batera esanda, memoria historikoaren egia defendatzea ".

Etxetxo elkarteko ordezkaria den Joxe Luis Agirretxek gaineratu duenez, "gaur gertakari horien berri ematea eskatzen dugu, lantegian, etxean, lagun artean, nahi dugun tokian, ahanzturan gera ez dadin. Gaurko ekitaldiarekin gure aletxoa jarriko dugu, herri honetan errepresaliatuak eta erailak izan zirenen egia, justizia eta ordaina gauza dadin".

Txalo zaparrada eta emozio artean amaitu da omenaldia.

Arloa edo saila