Gaur aurkeztu dute Lezoko Antzerki Testu Laburren Lehiaketako III. edizioko final handia Lezoko Udalak eta Hika Teatroa konpainiak. Urriaren 4ean ospatuko da Lezo Herri Eskolako patioan eta antzerkiaz gain, musika, dantza, foodtruck zerbitzua eta festa ziurtatua dago.
Jon Legorburu kultur zinegotzia, Ainhoa Salaberria kultur teknikaria eta Agurtzane Intxaurraga Hika Teatroko zuzendaria izan dira aurkezpenean. Hirugarren urtez lehiaketa antolatu dute eta aurtengo Partida zirraragarria eta oso maila handikoa espero dute. Urtez urte jende andana bildu duen ekitaldia izan da, Legorbururen hitzetan “aurreko bi urteetan sorpresa ederra hartu dugu. Hirugarrenez Lehiaketa egitea oso pozgarria da. Partida honi esker, eta urtean zehar jende askok egiten duen lanari esker Lezo antzerkiaren mapan kokatu da eta guretzat plazera da”.
Ainhoa Salaberria Kultur teknikariak azaldu duenez, Lezo erdigunean jarri dute edizio honetan, “Jaixkipe Txaranga herriko kaleetan zehar ibiliko da arratsaldean, herria girotu eta lezoarrak Herri Eskolako patiora hurbilduko ditu 19:30rako. Horrez gain, herrikide batek bi bider hartuko du parte Partidan. Jurgi Sarasola lezoarrak aktore moduan hartuko du parte, eta gainera, bere testua aurkeztu eta finalerako txartela lortu du. Oso pozgarria da lezoar gazte bat finalisten artean ikustea. Gainera, Lezoko Orratx! antzerki taldeko Edurne Agirrezabala ere izango da aktore lanetan”.
Lezoko III. Antzerki Testu Laburren Lehiaketako finalistak ezagutarazi zituen irailaren 19an aurtengo epaimahaiak. Guztira, 11 antzerki testu aurkeztu dira, aurtengo irizpide berriari jarraituz, denak euskaraz. Agurtzane Intxaurraga Hika Teatroko zuzendariak oso modu positiboan baloratu du jasotako testu kopurua.
Mireia Gabilondo (aktorea, zuzendaria eta gidoigilea) eta Mikele Urroz (aktorea eta sortzailea) izan dira aurtengo epaimahai kideak. Testu guztiak irakurri ostean, 6 testu finalista aukeratu dituzte testuen kalitatea (hizkuntzaren erabilera, pertsonaien eta istorioen garapena, erritmoa); egileen arteko parekidetasuna (3 emakumezko, 3 gizonezko), eta azkenik, adina (bik dramaturgo gazteak izan behar zuten) kontuan hartuta.
Urriaren 4ko Partidan parte hartuko duten egileak hurrengoak izango dira:
- ENERITZ ARTETXE ARANAZ
- GOIZ EDER ITURAIN ARAMENDI
- IDOIA GARZES ALDAZABAL
- JURGI SARASOLA ARTOLA
- MARCOS GOIKOLEA UNZALU
- XABIN FERNANDEZ ZUBELDIA
Lehen aldiz epaimahaikideek aipamen berezi bat egin dute. MARTIN ANTXIAren testua bereizi dute. Eta besteekin batera aurtengo testu finalistak bilduko duten liburuxkan barneratuko da.
Dramaturgoen izenak jakinarazi dituzte, baina ez dute bakoitzaren testua zein den argitaratuko, egunean bertan irrika eta zintzotasuna izan daitezen lehentasun. Izan ere, urtero moduan, testu irabazlea publikoak aukeratuko du egunean bertan eta bukaeran iragarriko da testu bakoitzaren egilea nor den.
Partida Nerea Gurrutxaga eta Oihana Vesga Marizaunka kolektiboko kideek aurkeztuko dute.
Testu bakoitza aktore hasiberri/amateur batek eta profesional batek interpretatuko dute, zuzendari baten gidaritzapean.
Aktoreak:
- ANE SARASUA
- EDURNE AGIRREZABALA
- HODEI ARRASTOA
- JURGI SARASOLA
- MIREN GOJENOLA
- XANTI AGIRREZABALA
Zuzendariak:
- IÑAKI RIKARTE
- OLATZ GORROTXATEGI
- PACO REVUELTAS
Gainera, testuen irakurketa dramatizatuak musikaz lagunduko ditu Inar Sastre konpositoreak.
Azkenik, gonbidapena luzatu diete Euskal Herriko eta Lezoko herritar guztiei, batez ere gazte guztiei, Urriaren 4ean Lezora hurbiltzeko, arte eszenikoez gozatzera.
Foodtruck zerbitzua eskainiko da bertan eta joan-etorriak egiteko tren eta autobus zerbitzuak ugari daude.