LEZOKO IV. ANTZERKI TESTU LABURREN LEHIAKETA IRITSI DA

Ar, 2026-04-21 13:59

Lezoko udalak eta HIKA Teatroak Lezoko Antzerki Testu Laburren IV. Lehiaketa aurkeztu dute. Testuak bidaltzeko epea ostegun honetan, apirilaren 23an, hasi eta irailaren 11n bukatuko da. Aste bete geroago, irailaren 18an, lau finalisten izenak argitaratuko dira. Testu finalista hauen irakurketa dramatizatua, urriaren 3an ospatuko da “Lezoko irakurketa dramatizatuen IV. PARTIDA” delakoan. 

Azken hiru urteetan Lezoko Antzerki Testu Laburren Lehiaketak izandako arrakastaren ondoren, Lezoko udalak eta HIKA Teatroak laugarren edizioa jarriko dute martxan. Proiektu hau HIKA Teatroa Lezoko herrian garatzen ari den LEZO ESZENA 2026 izeneko bitartekaritza, sentsibilizazio eta publiko berriak sortzeko programaren barne kokatzen da eta, besteak beste, antzerki egileak ikusaraztea, gazteak antzerkigintzara hurbiltzea eta talentu berriak idaztera animatzea du helburu. 

Aurkezpenean azaldu dituzte lehiaketaren laugarren edizioko xehetasunak Aitzol Saizar Lezoko Kultur Zinegotziak, Ainhoa Salaberria Kultur Teknikariak eta Agurtzane Intxaurraga HIKA Teatroa konpainiako zuzendariak.

Lehiaketa euskararen eremu geografikoko dramaturgo, idazle edo idaztea gustukoa duen edonori zuzenduta dago. Parte hartzeko epea hilaren 23an, ostegunean, hasiko da eta piezak irailaren 11ko 14:00ak arte bidali ahal izango dira. 

Aurkeztutako lanen artean, Hodei Arrastoak eta Olatz Gorrotxategik osatutako epaimahai profesionalak lau testu finalista aukeratuko ditu. Finala, Lezoko IV. Antzerki Testu Laburren PARTIDA, urriaren 3an izango da, Lezon. Bertan, 4 antzerki-testu finalistak Irakurketa dramatizatuan aurkeztu eta ikuslegoak erabakiko du zein izango den 1.000€-ko saria irabaziko duen testu garailea. 

Saizarrek azaldu duenez, “gure asmoa euskal dramaturgoei, eta bereziki euskal dramaturgo gazteei, parte-hartze espazioa eskaini eta herritarrak antzerkira gerturatzeko aukerak ematea da”.

Gazteak erdigunean jarri nahi ditu lehiaketak. Ildo horretatik, antzezlanak 2 pertsonaiez eraikiak egon beharko dira, eta gutxienez horietako bat gaztea izan beharko da.  Gainera, istorioetan ez ezik, dramaturgoen artean ere gazteen presentzia bermatze aldera, 4 finalistetatik batek gutxienez 35 urte edo gutxiago izatea bermatuko du  epaimahaiak.

Iaz bezala, aurten ere euskararen aldeko apustua egin dute eta euskaraz idatzitako testuak baino ez dira onartuko. Testuek gai librea izango dute, baina Lezoko herria traman agertu beharko da (idazleak nahi duen moduan). 

Lehiaketaren oinarri guztiak apirilaren 23tik aurrera publikoak izango dira Lezoko Udalaren eta HIKA Teatroaren webguneetan.
 

Arloa edo saila