Gaur aurkeztu dute Poesia Kaia jaialdiaren bosgarren edizioa. Balea Zuria talde antolatzaileko Juan Ramón Makuso, Aitzol Saizar Lezoko Udaleko Kultur zinegotzia eta Ainhoa Salaberria Kultur teknikaria izan dira aurkezpenean.
Poesia Kaia jaialdiaren bosgarren edizioa, azaroaren lehen astean ospatuko da Lezon. Urtez urte sendotuz joan da ekimena “azkar esaten da 5 urte, baina oso pozgarria da bosgarren urtez poesiari agenda kulturalean lekua egitea. Hain ohikoa ez den diziplina honi lekua egin eta herritarrentzat poesiara gerturatzeko espazioa sortzea da helburua”, azaldu du Saizarrek.
Izan ere, bi hitzorduk osatuko dute ekimena:
- Azaroak 6, osteguna, 19:00etan Kultura Aretoan: “Mugako poetika” solasaldi poetikoa Jokin Muñoz eta Maddi Muñozekin.
- Azaroak 8, larunbata, 19:00etan Gezala Auditoriumean: poesia errezitaldia Berta Piñán, Rakel Pardo eta Sara Uribe-Etxeberriarekin; saioa amaitzean Oiasso boskoteak Mozarten K.581 sinfonia interpretatuko du.
Ainhoa Salaberria Kultur teknikariak azaldu duenez, bi saioak doakoak izango dira, baina larunbateko ekitaldirako gonbidapenak hartu beharko dira Lezoko Udalaren webgunearen bidez edota Kultura Sailan (8:30-13:30).
Balea Zuria taldeko kidea da Juan Ramón Makuso, Poesia Kaiaren talde eragilea. Saizarrek adierazi duenez, “udalak apustua egiten du kulturaren alde, baina poesia gertutik ezagutu eta bizitzen duten profesionalen lana beharrezkoa da”.
Azkenik, Makusok aurtengo edukien inguruan xehetasun gehiago eman ditu, “generazioen arteko zubiak oso presente egongo dira aurtengo edizioan. Jokin Muñoz eta Berta Piñán ibilbide luze eta oparoko idazleak dira, baina pozgarria da gazteen presentzia badagoela ikustea”. Maddi Muñozek irakurketa dramatizatua egingo du Jokin Muñozen hitzaldiarekin batera, solasaldi poetikoan. Bestalde, Pardo eta Uribe-Etxeberriak ere beste ikuspuntu bat ekarriko dute errezitaldira.
Kultur zinegotziak, amaitzeko, herritar guztiak ekitaldietara bertaratzera gonbidatu ditu.
 
 
    