San Juan bezperako soka dantza aurrera eramango da osasun eta segurtasun neurripean

Guztira 106 eserleku jarriko dira plazan eta horietako bat eskuratzeko sarrerak doan egongo dira salgai udal webgunean, agenda atalean; pertsona bakoitzeko bi sarrera eskuratu ahal izango dira.

Plazara Kale Nagusitik soilik sartu ahal izango da eta horretarako ezinbestekoa izango da sarrera izatea, eskuak bertako gel hidroalkoholikoaren garbitzea eta noski, musukoa jartzea.

COVID-19aren eraginez hainbat eta hainbat izan dira bertan behera gelditu diren ekitaldiak eta horien artean daude, hain zuzen, San Juan bezperako suak, jende pilaketak saihesteko eta gaixotasunaren aurrean lezoarren osasun eta segurtasuna bermatzen jarraitzeko.  

Suaz haratago, ekainaren 23an ere Soka Dantza ekitaldia ohitura da Lezon. Aurtengoan baina, egoerak behartuta eta herritarren ongizatea ardatz eta lehentasun hartuta, Lezoko Udalak ondorengo erabakiak hartu ditu:

  1. Edozein tokitan sua piztu ordez, iluntzeko 22:00etatik aurrera, suziria entzutean, bere etxean eta lagunarteko afariak amaitzean, leiho eta balkoietan kandelatxoa piztera animatzen ditu herritarrak
  2. Era berean, Soka Dantza murriztua egitea erabaki du Gurutze Santuaren plazan.

Soka Dantza ekitaldiaren nondik-norakoak

Aintzat hartuta normaltasun berrian egonda ere, ezinbestekoa dela osasun eta segurtasun neurri zein distantziak betetzen jarraitzea, Lezoko Udalak hainbat neurri hartu ditu Soka Dantzaren emanaldia segurtasun osoz aurrera eramateko.

  • Emanaldirako 21:00etatik aurrera Gurutze Santuaren plazak dituen bost sarrerak (Zubitxo kalea, Kale Nagusia, Donibane kalea eta Goiko plazatik jaisten diren bi eskailerak) hesituko dira.
  • Sarbide bakoitzean boluntario bana egongo da sarbidea itxita mantentzen dela bermatzeko. Boluntarioak Udalaren peto adierazgarria emango dute soinean.
  • Gurutze Santuaren aforoa, momentuko egoerari erreparatuz 106 pertsonakoa da. Horrenbestez, eserleku kopuru hori jarriko da plazan, bata bestearengandik metro eta erdiko distantzian.
  • Emanaldirako sarrerak online eskuratu ahal izango dira udal webgunean, agenda atalean. Sarrera doakoa izango da eta pertsona bakoitzeko gehienez bi hartu ahal izango dira. Sarrerarik gabe ezingo da plazara sartu.
  • Plazarako sarrera Kale Nagusitik soilik egin ahal izango da.
  • Sartzerakoan ezinbestekoa izango da bertan egongo den gel hidroalkoholikoarekin eskuak garbitu eta musukoa jartzea. Ezingo da plazara musukorik gabe sartu. Norbaitek ahaztuko balu, bertan eskainiko zaio bat.
  • Behin plaza barruan, bestelako arazorik ez balego, ezingo da irten ekitaldia amaitu arte.
  • Plazatik irteteko, banan-banan, distantzia mantenduz irten beharko da. Horretarako hiru irteera erabili ahal izango dira: Zubitxo kalea, Kale Nagusia eta Donibane kalea.

Dantzari eta musikarien segurtasun eta osasun neurriak:

Ikusleekin bezala, Udalak dantzari eta musikarien segurtasuna eta osasuna bermatuko du eta horretarako, ondorengo neurriak hartu ditu:

  • Emanaldia hasi baino ordubete lehenago, dantzari eta musikari bakoitzak tenperatura hartuko du.
  • Dantzariak ez dira ukituko eta zapi batekin osatuko dute soka, interakzioa ekidinez eta dantzarien arteko segurtasun distantzia mantenduz.
  • Dantzari zein txistulariek ez dute ikusleekin interakziorik izango.
Arloa edo saila