Tomas Garbizu konpositore lezoarraren maisulan argitaragabea berreskuratu eta aurkeztu da gaur Musikenen

Az, 2019-11-27 13:06

Josu Okiñena eta Jon Makuso lezoarrak berreskuratutako artista ospetsuaren jatorrizko eskuizkribua eta lehen aldiz argitaratutako partitura aurkeztu dira, hil zeneko 30. urteurreneko egunean.

Gure ondareari egindako ekarpen handia da honakoa, biolin eta orkestrarako dagoen lehen euskal kontzertua baita, baita XX. mendearen bigarren erdiko kontzertu espainiar bakarra, eta XX. eta XXI. mendeetako lehen bostetako bat.

Tomas Garbizu (Lezo, 1901 - Donostia, 1989) konpositorearen ‘Biolin eta orkestrarako kontzertu magikoa’ izeneko maisulanaren aurkikuntza mugarri berri bat da euskal kulturaren munduan; izan ere, historiako biolin eta orkestrarako lehen euskal kontzertua da, baita, XX. mendeko bigarren erdialdeko espainiar kontzertu bakarra eta XX. eta XXI. mendeko biolin eta orkestrarako lehen bost kontzertu espainiarretako bat ere. 

Jon Makuso eta Josu Okiñena musikari eta ikertzaileek (lezoarra lehenengoa), hiru urte baino gehiago egin dituzten ikerketa lanetan eta hirurehun orritik gora aztertu ostean, euskal kulturaren aitzindari izan den harribitxi honen inguruan lan egin dute elkarrekin. Aipatu obra hori, hain zuzen, Eduardo Hernandez Sasiain biolin-jotzaileak estreinatu zuen 1960ko maiatzaren 22an Donostiako Victoria Eugenia Antzokian.

Bide horretan, Lezoko Udalak bere poza eta esker ona adierazi nahi izan ditu: Udalak hasieratik eskaini zion babesa gaur hemen aurkeztutako proiektuari, sinetsita Lezon kalitate handiko artistak ditugula eta emaitzek horrela erakutsi digute gainera, bai Garbizuren lanagatik baita Jon Makusok egindakoarengatik ere, zeinak talentu eta pertseberantzia handia erakutsi duen ikerketa aurrera eramateko garaian. Lezoko Udalak kulturarekiko apustu irmoa egiten du herriko nortasunaren ikur gisa eta horrelako lanek apustu hori berrestera eramaten gaitu. Emaitzak zoragarriak dira, bai Euskal kulturaren ondarearentzat baita, bereziki Lezo zein lezoarrontzat eta horrenbestez, Udalaren izenean zoriondu eta eskerrak ematea besterik ez zait geratzen”, adierazi du alkateak.

"Harribitxiaren" aurkezpena

Garbizuren heriotzaren 30. urteurrena dela eta, gaur, azaroak 27, ondorengo hauek aurkeztu dira Musikenen: jatorrizko eskuizkribua, euskal musikan espezializatutako OE Oficina Ediciones argitaletxeak argitaratutako partitura, eta, Okiñenak eta Makusok erreskatatutako maisulan aitzindari horren inguruan datorren urteari begira bere jaioterrian, Lezon, egitea aurreikusitako kontzertua eta hitzaldia. "2016an, Musikeneko ikasle nintzela, Garbizu gure euskal konpositore handienetako bat zela konturatu nintzen –nire herrikoa, gainera–, eta baita bere lana aitortu ere ez zitzaiola egin; hau da, kalitateari erreparatuta behintzat, zegokion lekuan ez zegoela ohartu nintzen, beraz, haren figura goraipatu nahi izan nuen", adierazi du Makusos, Lezoko ikerlariak.

Horrela hasi zen Makuso maisu lezoarraren ibilbide musikala aztertzen. Horretarako, besteak beste, Patxi Intxaurrandietarekin, konpositorearen biografiaren egilearekin, alegia, harremanetan jarri zen. "Biolinista bezala, Garbizuk biolin eta orkestrarako kontzertu baliotsu bat konposatuta zuela erreparatu nuen, eta, Intxaurrandietak zein Serafina Iribarrek -musikariaren oinordekoak- jatorrizko partiturak Eresbilen zeudela adierazi zidaten. Hara joan nintzenean, ordea, nire harridurarako zirriborro orokor bat besterik ez zegoela erantzun zidaten. Obraren behin-behineko lehen eskuizkribua, gainera, osatu gabe zegoen", azaldu du Makusok.

Era berean, 2017ko udan, Intxaurrandieta eta Iribar Garbizuren material guztiaren inbentarioa egiten ari zirela, paper zaharren artean biolin eta orkestrarako 'kontzertu apetatsua' delakoa agertu zen. "Kontzertu magikoaren pianorako murrizketa bat zen, behin betikoa. Hura eskaini zidaten, eta, nik noski, baiezkoa esan nien. Horrela, bi dokumentuekin eta Josu Okiñenaren zuzendaritza ikertzailearekin, Musikenen master amaierako nire lana egin nuen: ‘Kontzertu Magikoa’ -ren edizio kritiko bat".

Partituren berreskurapen eta argitalpena

Josu Okiñenaren hitzetan, "Gure prozesua obra hori berreskuratzea, ikertzea eta argitaratzea izan da, euskal eta espainiar kultur ondarearen funtsezko zatia baita.  Obra 1959-1960 bitartekoa da eta Estatu osoan ez dago garai honetakoa den biolin eta orkestrarako kontzertu bakar bat ere. Alegia, biolin eta orkestrarako lehen euskal kontzertua da, baita XX. mendearen bigarren erdiko kontzertu espainiar bakarra, eta XX. eta XXI. mendeetako lehen bostetako bat ere". 

Ikertzaileek lanari heltzean, beraz, kontzertua osatu eta argitaratu gabe zegoen: "Poz handia izan da horrelako aurkikuntza bat egitea. Horrenbeste lan egin dugu, obrarekin amestu eta guzti ere egin dugula!", azaldu du Makusok eta, Okiñenak ondorengoa gehitu du: "Alde batetik, hiru urte eman ditugu Garbizuren idazkera deszifratzen, oso gogorra delako, eta, bestetik, ikerketa lanak dokumentuan analisiaz haratago, instrumentu bidesko esperimentazioaren bidez ere burutu ditugu kopia bakoitzaren soinuak eta harmoniak biolinarekin eta pianoarekin egiaztatuz, eta, ondoren, gauza bera orkestraren erredukzioarekin".

Makuso haratago doa obra deskribatzeko orduan: "Garbizu egile oso ezaguna ez den arren, bere musikak izugarrizko kalitatea duela ikusi dut. Orkestrazio honek harmonizazio eta konposizio maila handia du, pasarte zoragarri bezain magikoekin. Harribitxi bat da eta benetan pasarte harrigarriak ditu". Era berean, Okiñenak gehitu du: "Konposatzeko garaian Garbizuk orkestra sinfoniko bat gertu  izan balu, zer ez luke egingo! Obra honetan orkestra nola tratatzen duen ikusi besterik ez dago, baita gaien jenialtasuna ere".

Omenezko kontzertua eta hitzaldia

Euskal musikagilearen maisulan aitzindari honen aurkikuntzarekin bere irudia gizarteratu eta ezagutzera eman nahi da eta horretarako, datorren urteari begira, Lezoko Udalak errezitaldi eta hitzaldi bat antolatzea aurreikusi du. "Garbizuri eskainitako omenaldia izango da, errezitaldi bikoitza egingo baitugu, hau da, kontzertu eta ponentzia batez osatutakoa", diote. Azken hori, gainera, Makusok berak emango du, 'Kontzertu magikoaren' aurkikuntza eta azterketa prozesuaren berri emateko.

Hori gutxi balitz, Tomas Garbizuri buruzko doktorego-tesia egiten ari da Makuso "horrela konpositorearen espezialista nagusiena bera izango dugu”, esan du Okiñenak, eta lezoarrak gaineratu: "Garbizuren obra osoaren katalogazioa egingo dugu, zortziehun dokumentuz baino gehiago osatua".

Berebat, Makusok bere etorkizuneko planak aurreratu ditu: "Dena eskuizkribuetan dago, oso gutxi da argitaratu eta digitalizatutakoa; beraz, hau lehen urratsa izan da; lan asko dago oraindik egiteke". Ireki berri den lan ildo berri horrek, zalantzarik gabe, are gehiago aberastuko du gure kultur ondarea, musikaren historiako jenio handienetako baten bidez.

Arloa edo saila