Udazkenean ere, kulturak protagonista izaten jarraituko du Lezon

Og, 2020-09-17 15:18

Kulturgintzarako garai gogor hauetan, Lezoko Udalak kulturarekiko egiten duen apustua berretsi du eta ekintza eta ekitaldiz josiriko kultur agenda anitza osatu du kultur eragileen lana babesten eta bultzatzen jarraitzeko.

Egitaraua momentuko osasun egoera kontuan hartuta osatu du Udalak eta ekitaldi oro osasun eta segurtasun neurri zorrotzen baitan ospatuko du, ikusleei kultur ekitaldi seguruak eskainiz.

Kontsultatu kultur agenda osoa hemen

Lezoko Udalak kulturarekiko egiten duen apustua irmoa da eta oraingoan, apustu hori berretsi du beste behin aurkeztu berri duen udazkeneko kultur agendaren bitartez.

Izan ere, jakina da Covid-19ak gogor kolpatu duela gure egunerokotasuna, osasun krisialdiaz haratago, gizarte eta ekonomia krisialdi bat ere eraginez. Horrek ondorio gogorrak ekarri ditu hainbat eta hainbat sektoreentzat, horien artean, kulturarena.

Horregatik, kulturgintzarentzat garai gogor hauetan, Udalak bere apustua berretsi eta, kultura eta kultur eragileen lana oro har babestu eta bultzatzen jarraitze aldera, protagonismo berezia eskaini dio udazken honetan ere, horretarako osatutako kultur agendaren bitartez. “Kultura izan da beti gure zibilizazioaren garraiobidea eta konfinamenduko hilabeteek are bistakoago egin dute kulturarekiko dugun behar hori”, azaldu du alkateak, Jesus Mari Martiarenak. “Kulturak itxaropena eta ilusioa piztu ditu gugan une gogorrenetan, horregatik, orain, inoiz baino gehiago, ezinbestekoa da kultur sortzailea eta eragilea zaindu, babestu eta bermatzea eta kultura sustatzen jarraitzea”, gehitu du.

Osasun egoera honek, baina, hainbat ekitaldi kultur agendatik kanpo uztera behartu du Udala, horien artean literatura solasaldiak eta haurrentzako ipuin kontaketak. Aipatu bi ekintzen kasuan, segurtasun neurriek eta liburutegiko eraikinaren ezaugarriek ekintza horiek segurtasunez aurrera eramatea ezinezko egiten dute, baina, haurren ipuin kontaketen kasuan, Lezoko Udalak konfinamendu garaian martxan jarritako “Ipuin Kapsulak” online ekimenari helduko dio normaltasun berri honetan ere, haurrek ipuin kontaketaz gozatzen jarrai dezaten.

Bi ekintza horiekin batera, zinema ere agendatik kanpo utzi behar izan du Udalak. “Kasu honetan aretoak segurtasun protokoloak betetzeko aukera ematen badu ere, zaila egiten zaigu guztia behar den bezala kontrolatzea eta segurtasun protokoloak eskatzen duenari egokitzea. Horregatik, egitasmoa garatzen duen elkartearekin adostasunez, hiruhileko honetan zinema agendatik kanpo uztea erabaki dugu”, azaldu du kultur zinegotziak, Ion Pombarrek.

Gauzak horrela, Lezoko Udalak, haurren eta helduen arte eszenikoari heldu die udazken honetan eta horri aurreko agendatik bertan behera gelditutako ekitaldiak ere gehitu dizkio “kultur eragileen kalteak ahal den heinean ekiditeko eta kulturarekiko apustu zintzoa berresteko”, gehitu du Pombarrek. 

Segurtasuna nagusi kultur ekintza guztietan

Ospatu berri den Kilometro Lezo udako kultur agendako ekitaldiekin egin bezala, udazkenerako ekitaldi oro osasun eta segurtasun protokolo baten baitan eramango da aurrera, kultur ekintza seguruak eskaini eta noski, herritarren segurtasuna bermatzeko. “Edozein motako ikuskizunak sustatzea une honetan ardura handia da eta Udaletik, kultura sustatzearekin batera, kultur ekitaldi seguruak eskaini nahi ditugu”, adierazi du kultur zinegotziak..

Gauzak horrela, emanaldi guztiek babes eta higiene neurri zorrotzak beteko dituzte, hona hemen nagusiak zerrendatuta:

  • Ezinbestekoa izango da aretoaren barruan maskara erabiltzea, bai aretorik sartu eta ateratzeko zein emanaldiak irauten duen bitartean ere.
  • Antzokira sartzean beharrezkoa izango da eskuak garbitzea horretarako ahalbidetuko den gel hidroalkoholikoarekin.
  • Sarreran egongo den pertsonak kudeatuko du ilararen eta bertaratutakoen arteko segurtasun distantzia.
  • Instalazioak sakon garbitu eta desinfektatuko dira emanaldia hasi aurretik eta ondoren.
  • Auditoriumaren edukierak ez ditu 66 aulki gaindituko eta aukien arten segurtasun distantzia mantenduko da.
  • Aretoak emanaldia hasi baino ordu erdi lehenago zabalduko ditu ateak jende pilaketak ekiditeko.
  • Emanaldia amaitzerakoan megafonia bidez adieraziko da irteteko ordena zein den.

“Aipatu bezala, neurri horien bitartez ekitaldi seguruak eskaini nahi dizkiegu herritarrei. Kultura berpiztea da gure helburua eta horretarako, ezinbestekoa da herritarrak seguru sentitzea eskainitako emanaldietan”, azaldu du Pombarrek. “Edozein kasutan, ziurtatu dezaket, orain arte egindakoetan erakutsi bezala, kultura segurua dela eta are gehiago, sendatu egiten duela, horrenbestez, herritar oro animatzen dut emanaldiez gozatzera, guztion artean lortuko baitugu egoerari aurre egitea, kultur eragileek berpiztea eta kulturak gizartean behar duen garrantzia eskuratzea”, amaitu du Pombarrek.

Kultur agendako emanaldiak:

Iraileko ekitaldiak Herri Eskolako patioan egingo dira arratsaldeko 20:00etan eta doakoak izango dira. Urritik abendura bitartean egiten diren ekitaldiak, halaber, Gezala Auditoriumean izango dira.

  • Haur antzerkiak 17:00etan hasiko dira eta sarrerak 2€ko prezioa izango dute
  • Gainerako emanaldi guztiak 20:00etan izango dira eta sarrerak 8€ko prezioa izango dute.
Arloa edo saila