Zabalik dago Lezoko udalekuetan izena emateko epea

Az, 2019-05-22 15:30

Izen ematea interneten edota kultura sailean egin daiteke, maiatzaren 31a arte

Ekainaren 18an egingo da gurasoekin bilera, 16:45ean Gezalan eta bertan,  xehetasunak azaldu eta zalantzak argituko zaizkie 

Uda sasoia gero eta gertuago dugu eta horrekin batera, baita haurren oporraldia ere. Horregatik, urtero bezala, Lezoko Udalak udaleku irekiak antolatu ditu uztailaren 1etik 30era bitartean. Adinaren arabera, bi talde handi bereizi ditu Udalak: haurtzaindegi zerbitzua batetik eta 3-12 urte bitarteko udalekuak bestetik.

Haurtzaindegi zerbitzua

08:30-09:30 bitartean eskainiko da, baldin eta gutxienez 8 haurreko taldea osatzen den. Kasu honetan matrikula 53€koa izango da; familia ugarien kasuan, aldiz, 40€koa eta ordainketa aurrerago egingo da.

3-12 urte bitarteko udaleku irekiak

Beste urte batez, udaleku irekiei esker, herriko haurrek giro euskaldun eta atsegin batean jolasak, dantza, kantak, antzerkia eta beste hainbat ekintza egiteko aukera izango dute, Lezoko ohiturak eta ingurunea ezagutzen dituzten bitartean.

Udalekuak uztailaren 1etik 30era bitartean egingo dira (biak barne), astelehenetik ostiralera, goizeko 09:30etik 13:30era eta kasu honetan, 2007tik 2016a bitartean jaiotako haurrek hartu ahal izango dute parte (ezinbestekoa izango da haurrak 3 urte beteta izatea). Guztira 220 plaza egongo dira eta eskaria handiagoa izango balitz, plazak zozketatu egingo dira.

- Matrikulazioa -

Izen ematea zabalik egongo da maiatzaren 31 arte eta interesdunek euskara eta kultur sailaren bulegoan (Donibane kalea 2, 08:30-13:30 ordutegian) edo internet bidez egin ahal izango dute matrikula, https://udala.lezo.eus/udalekuak-2019 helbidean.

Matrikularen kostua 80€koa izango da eta familia ugarientzat, aldiz, 60€koa. Azken horiek, halaber, %25eko hobaria jasoko dute eta Euskal Sistemaren prestazio ekonomikoen onuradunek, aldiz,  %75ekoa. Horrez gain, Udalak gogorarazi du ordainketa ezin dela zatikatu eta behin ordainduta ez dela dirua itzuliko haurrak jarduera uzten badu ere.

Izena emateko ezinbestekoa izango da:

  • Haurrak Lezon erroldatuta egotea (2019-01-01eko epean, beranduenen), etorkinak edota bizilekua aldatu dutenak salbu. Horien kasuan, Lezoko ikastetxean egon beharko dute matrikulatuta
  • Izen-emate orria gurasoek sinatzea
  • Osakidetza txartelaren kopia
  • Haurraren argazki bat
  • Familia ugarien kasuan tituluaren fotokopia

Behin matrikulazio epea amaituta, ekainaren 18an, guraso bilera egingo da Gezalan, 16:45ean, udalekuen inguru azalpen eta xehetasunak eman eta galdera zein kezkak argitzeko.

Arloa edo saila