Lezoko Udalak herriko parkeak berritzeko proposamena aurkeztu du, herritarren iritziak eta beharrak oinarri hartuta. Proiektu honek aisialdirako eta jolaserako espazio inklusiboagoak eta anitzagoak sortzea du helburu, adin-tarte guztietarako egokiak eta herriko bizitza soziala sustatzeko espazio erakargarriak sortuz.
Lezoko zinegotzi Iker Salaberriaren hitzetan, “Legegintzaldi plana osatzean, ume eta gazteen ongizate emozionala gure lehentasunen artean kokatu genuen, eta parkeak eraldatzeko prozesua martxan jartzea erabaki genuen”. Salaberriak azpimarratu du parkeek ez dutela soilik aisialdirako funtzioa betetzen, baizik eta belaunaldi desberdinen arteko harremanak eta elkar ezagutza bultzatzeko espazio sozial eta pedagogiko garrantzitsuak direla.
Udalak, herriko talde eta eragileekin elkarlanean, Hiritik At! kooperatibaren laguntza teknikoa izan du prozesua diseinatu eta gauzatzeko. Kooperatibako Ainhoa Retegik nabarmendu duenez, “prozesu parte-hartzaileak herritarren, zaintzaileen, irakasleen eta gurasoen begirada integratu ditu, beharrak eta hobekuntzak identifikatzeko”. Diagnostikoak ondorioztatu duenez, parke-sareak ezaugarri antzekoak ditu eta aukera gutxi eskaintzen dizkie haur, gazte zein familiei.
Azterketaren emaitzek hainbat behar identifikatu dituzte: eguraldi txarrarekin ere erabilgarri izango diren eremu estaliak, irisgarritasun eta inklusibitatea hobetzea, natura-materialen erabilera sustatzea, eta gazteentzako kirol-jardueretarako espazio berriak sortzea. Salaberriak azpimarratu du Udalak proposamen interesgarriak jaso dituela eta konpromisoa hartu duela proiektuak pixkanaka garatzeko. Lehen esku-hartzea 2025eko aurrekontuetan jasoko da, 97.000 euroko inbertsioarekin. Zehatz-mehatz, lehen hobekuntza lanak Euskal Herria parkean eta Zubitxo errekan egingo dira, azken honetan ingurua naturalizatzea, eta errekarako sarbidea irekitzea aurreikusten dira.
Proiektu honen bidez, Lezoko Udalak etorkizuneko parke-sarea diseinatzeko bide-orri garrantzitsu bat ezarri nahi du, herritarren bizi-kalitatea eta herriaren kohesio soziala hobetzeko helburuarekin. “Etorkizuneko Lezo, umeentzat leku atsegina izateaz gain, belaunaldi eta komunitate guztiak batzeko espazioak izango dituen herria izan dadin lan egiten jarraituko dugu,” adierazi du Salaberriak amaitzeko.
Lezoko udalaz eta Hiritik At! kooperatibaz gain prozesuan parte-hartu duten eragile zerrenda:
- Ludoketa
- Lezoko Ttikiak elkartea
- Hezikuntza guraso elkartea
- Errota guraso elkartea
- Herri Eskola: Olatz Aldabe
- Txirbila aisialdi elkartea
- Lezoko Institutua
- Pasaia Lezo Lizeoa