1996.eko Maiatzaren 8ekoa

    Agiri mota

    Lezo, mila bederatziehun eta laurogeita hamaseiko maiatzaren zortzigarrena. Arratseko zazpietan (19:00) hasi du Udalak OSOKO BILKURA OHIKOA, Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian; Mikel Arrizabalaga Pikabea, alkatea, lehendakari dela eta beste zinegotzi hauek ere bertan direla: Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Juana Mª Salaberria Lizarazu, Maixabel Unzain Zapiain, Agustina Pontesta Garmendia, Mª Carmen Viaña Balda, Jose Luis Ruiz Navarro, Jesus Mª Martiarena Jaka, Iñake Urrestarazu Azurmendi, Jose Mª Boto Sancho eta Nicanor Barradas Piris.

    Mirari Recalde Gonzálezek ezin izan du etorri.

    Pello Garbizu Azkue ez da bilkuran izan.

    Xabier Loiola Aristik egin du idazkaritza, eta Pello Goikoetxea Agirrek interpretaritza.

    1.- AKTAK ONARTZEA: 1996KO APIRILAREN 3KO OHIKO BILKURAKOA ETA APIRILAREN 19KO OHIZ KANPORAKOA.

    Apirilaren 3ko akta onartzeko orduan, aldaketa bat egitea eskatu du alkateak 2. puntuko hirugarren parrafoan: "mailegua kiroldegia egiteko izango da" jartzen duen tokian, "maileguaren zatirik handiena kiroldegia egiteko izango da" jartzea. Hala, onartu egin dute aldaketa, eta besterik egin ez dutenez, onartuta geldituta apirilaren 3ko akta.

    Apirilaren 19koa zegoen eran onartu da, ezeren aldaketarik gabe.

    2.- MOZIOA, LEZOKO HERRI ESKOLAKO KONTSEILUAK AURKEZTUA, LEHEN HEZKUNTZAKO ERAIKIN BERRIA EGITEARI BURUZKOA.

    Mozioa irakurri baino lehen orain arte egindako gestio batzuen berri eman du alkateak. Esan du egona dela Hezkuntzako eskuordedunarekin, Mª Carmen Marinekin, eta hark ere komenikoa ikusten duela esan ziola eraikin berria egitea, baina, Departamentuko aurrekontu gorabehera batzuk bitarteko direlako, eta baita beste ikastetxe batzuek lehentasuna daukatelako, bosgarren edo seigarren gelditzen dela Lezo zerrendan.

    Hala, komisioa osatzea planteatu du alkateak, Udaleko ordezkariekin eta Lezoko eskoletako ordezkariekin, berriz hitz egiteko Hezkuntzako eskuordedunarekin. Bestetik, nahiz gaur bileran ez den, Mirari Recalde ere, EAko zinegotzia, gauza hauen berri ondo dakiena, Udalaren aldetik komisioan izango direnen artean izatea proposatu du alkateak, alkateaz beraz gainera. Bileran direnek ontzat hartu dute planteamentua; dena den, Mirari Recaldek berak onartzeko zain gelditu dira.

    Hona zer dioen, hitzez hitz, Lezoko Herri Eskolako Kontseiluak aurkeztutako mozioak:

    "Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza Joanes Etxeberri Ikastetxeko Altamira edifizioan kokatzeak. Lehen Hezkuntzarako Pildain edifizioa berriro erabili behar izatea suposatzen du.

    Denontzat ezaguna da Pildain erainkuntza daoen egoera oso kaxkarra del aeta eraberritze lanak zailak eta garestiak. Hau izan zen hain zuzen, Jaizkibel-Azpiko eskola berria eraikitzeko arrazoi nagusia.

    Pildain edifizioak, bestalde, ez dauka leku nahikorik Lehen Hezkuntza osoa bere instalazioetan hartzeko, eta ondorioz, derrigorrezko etapa garrantzitsu hau bat bestetik oso urrun dauden bi edifiziotan banaturik egotera behartu egiten du.

    Pildain eraikuntzaren egoera txarra eta Lehen Hezkuntza bi eraikuntzetan banaturik egon behar izatea dira, hain zuzen ere, bultzatu dutena Lezoko Udal hau, -plenoan bildurik eta aho batez-, Hezkuntza Sailak Jaizkibel-Azpi eraikuntzaren ondoan prestaturik dagoen orubean Lehen Hezkuntzarako eraikuntza berri bat egin dezala eskatzera, hasiera batean aurreikusirik zegoen bezala".

    J.M. Botok esan du konforme heldu dela mozioaren edukiarekin. Gogora ekarri nahi izan du, halaz ere, aspaldikoa dela arazoa, eta poz hartzen duela gaur dagoen kontsentsuagatik, orain alkate dagoenak berak geldiarazi zuela-eta lehen gai hau.

    Iñake Urrestarazu ere, EAko zinegotzia, ados azaldu da Lezoko Herri Eskolako Kontseiluak egindako proposamenarekin.

    Horiek horrela, botazioa egin eta onartu egin dute, bileran ziren guztiak alde zirelarik (hamaika zinegotzi, Udalbatza osatzen duten hamahiruetatik), mozioa.

    Jesus Mª Martiarenak, EAJko zinegotziak, utzi egin du bilkura, joan beharra zuela eta.

    3.- MOZIOA, ASKAPENAK AURKEZTUA, AMERIKETAKO ESTATU BATUAK CUBARI EGITEN ARI DIREN BLOKEOAREN KONTRAKOA.

    Hauxe dio mozioak, hitzez hitz:

    "AZPIAN SINATZEN DUTEN TALDEEK AURKEZTEN DUTEN MOZIOA, ASKAPENA NAZIOARTEKO ELKARTASUN ERAKUNDEAK PROPOSATUTA.

    GAIA: ESTATU BATUEN KUBAREN AURKAKO BLOKEOA

    ZIOEN AZALPENA

    A) 1995. urtean NBEk onartu egin zuen, laugarren urtez jarraian, Kubaren aurkako Estatu Batuen blokeoarekiko gaitzezpen ebazpena.

    Ebazpenaren testuak honela dio:

    Izenburua: Estatu Batuek Kubaren aurka ezarritako ekonomia, merkatal eta finantza blokeoari amaiera emateko beharra.

    KLAUSULA ADIERAZLEAK

    Batzar Nagusia:

    Nazio Batuen Kartan konsagratutako xede eta printzipioen errespetu hertsia sustatzeko asmotan, berretsiz, nazioarteko beste zenbait printzipio konsagratuen artean, Estatuen burujabetza berdintasuna, barne arazoetan ez eskuhartzea eta sartzea eta merkataritza eta nabigazio askatasuna, nazioarteko tresna juridiko askotan gainera, gogoratuz, nazioarteko merkataritzaren garapen askearen kaltetan, estatu bakar batek beste baten aurka ezarritako merkatal ekonomia baliogabetu beharrari buruz Estatuetako Buruek, hurrenez hurren 1994ko uztailean eta ekainean Brasilgo Salvador de Bahian eta Kolonbiako Kartagena de Indiasen burututako Iberoamerikako hirugarren eta laugarren gailurretan egindako adierazpenak, kontuan izanik, Mexiko hirian ministrariek egindako biltzarrean, Kubaren aurkako ekonomi, merkatal eta finantza blokeo kentzeko premiatzen den, 1994ko ekainaren 3an Latinoamerikako ekonomi sistemaren XX. Kontseiluak harturiko 356. zn. dun erabakia, arduratuta, beste estatu batzuren burujabetzari eta bere eskumenaren pean entitate edo pertsonen legezko interesei eraginez, baite merkataritza eta nabigazio askatasuna ere, kide diren Estatuek behin eta berriz aldarrikatzen eta aplikatzen baitituzte lurraldez kanpoko eragina duten lege eta arauak, gogoratuz 1992ko azaroaren 24ko 47/19 eta 1993ko azaroaren 3ko 48/16 bere ebazpenak, arduratuta, ezen bere 47/19 eta 48/16 ebazpenak onartu ostean, Kubaren aurkako ekonomi, merkatal eta finantza blokeoa indartu eta areagotzera zuzendutako neurri berriak aldarrikatu eta ezartzen jarraitzen baitira, eta arduratuta, baita ere, Kubako biztanleriarengan eta beste herri batzutan bizi diren kubatarrengan duten eragin ezkorrengatik.

    EBAZPENERAKO PUNTUAK

    48/16 ebazpenaren betetzeari dagokionean Idazkari Nagusiaren txostena gogoan hartzea.

    Estatu guztiei eskaera errepikatzen die ebazpen honen aintzinsolasean aipatu motako lege eta neurriak aldarrikatu eta aplikatzeaz abstenitzeko, Nazio Batuetan Kartaren eta nazioarteko eskubideekin adostasunezko bere obligazioen betetzean, beste zenbaiten artean, merkatal eta nabigazio askatasuna kosagratzen baitute.

    Mota hortako lege eta neurriak dauden eta aplikatzen dituzten Estatuei beste behingoz premiatzen die epe ahalik eta laburrenean eta beren ordenamendu juridikoarekin bat etorriz neurri egokiak har ditzan beroriek deuseztu edo beren eragina baliogabetzeko.

    Idazkari Nagusiari eskatzen dio, Nazio Batuaren sistemari dagozkion organo eta egentzien aholkuak kontutan hartuz, ebazpen hau betetzeari buruzko txostena presta dezan Kartaren eta nazioarteko eskubideen xede eta printzipioen gogoan izanik, eta Batzorde Orokorrera aurkez dezan berrogeita hamargarren batzarraldian.

    Ebazpen hori aldeko 117 botorekin onartu zen, 3 aurka eta 38 abstentzio.

    Kubaren aurkako blokeo ekonomiko, merkatal eta finantzieroaren aplikazioaren luzapenak, larriagotu egin dena "Torricelli" deituriko legea indarrean sartzean, eta are gehiago oraindik Bill Clintonek 1994ko abuztuan iragarritako neurrien ostean, Kubako ekonomiarentzat oso kaltegarria izan da, Irlako biztanleriarengan eragin larria izan duelarik.

    Berriki onartutako "Helms Burton Legeak" zera aurrikusten du:

    1. Bisatu estatubatuetarrak kendu Kuban inbertitzen duten enpresari atzerritarrei eta beren familiei.

    2. Kubak iraultzaren garaipenean (1959) bultzatutako desjabetzapenengatik kaltetuta sentitzen diren hiritar estatubatuarren demandak judizialki izapidetu. Horren ondorioz, abuztutik aurrera, Estatu Batuetako epaitegiek 6.000 demanda inguru jaso ditzateke.

    3. Kubak kanpoan dituen fondoak erabili -horretarako EEBBtako Gobernuak nazioarteko instituzioen onespena beharko luke- kaltetuei indemnizazioak ordaintzeko nazionalizazioengatik.

    4. Zigor neurriak Kubako zentral nuklearra eraikitzen parte hartzen duten enpresa eta herrien aurka.

    Iparamerikaren blokeoak, nazioarteko eskubide arau anitz, merkatal eta nabigazio tratatuak zapaltzeaz, eta Irlako ekonomiarengan berriki eragiteaz gain, eskusartze onartezina herri subirano baten barne politikan, eta ez da herri indartsu baten nahia baino Kubaren menekotasun politikoa lortzea, herri txikia baina bere subiranotasuna gordetzeaz arro.

    "Abioneten krisiaren" ostean, EEBBetako lehendakariak, Bill Clinton, jada beste neurri batzuk hartu zituen:

    1.- Diplomatikoen batetik besterako mugimenduak mugatu Estatu Batuetako lurzoruan.

    2.- EEBBak eta Kuba arteko charter hegaldiak bertan behera utzi.

    3.- Laguntzak areagotu Floridatik Irlarantz igortzen duten irrati eta telebista emisorei.

    AKORDIO PROPOSAMENA

    Askapenak Udal honi eskatzen dio honako neurriak har ditzan:

    1.- EEBBak Kubaren kontrako Blokeoa gaitzesten duen NBEren ebazpenari, 1995eko urtekoa, atxikitzea.

    2.- Helms Burton Legea baztertzea ezestea.

    3.- Akordio honen berri ematea EEBBetako eta Kubako enbaxadei".

    J.M. Botok esan du haren alderdia ados heldu dela mozioak dakartzan printzipioekin, baina ez zaiola iruditzen Lezoko Udalaren osoko bilkura denik forumik egokiena mozioa aztertzeko, egokiagoa iruditzen zaiola Eusko Legebiltzarra, esate baterako; eta, hargatik, abstenitu egingo direla botazioan.

    Hala, botazioa egin eta onartu egin dute mozioa. Alkatea, HBko gainerako zinegotziak eta EAko bat izan dira alde, eta PSE/PSOEko bi zinegotziak abstenitu egin dira.

    4.- MOZIOA, 1992KO EXPOAN IZANDAKO GERTAKIZUNETAN KALTETUTAKOEN KOLEKTIBOAK AURKEZTUA, ATXEKIPEN-ADIERAZPENAREKIN BAT EGITEKO.

    Hauxe dio mozioak, hitzez hitz:

    "ELKARTASUNA 1992KO EXPOAN IZAN ZIREN GERTAKIZUNEN ONDORIOZ KONDENATUTAKO PERTSONEKIKO.

    - IVAN IGLESIAS (Bilbo). Urtebeteko presoaldi txikia bazterrak nahasteagatik; 2 hilabeteko atzipenaldi handia eta 100.000 pezetako isuna edo 20 eguneko atzipenaldia, isunaren ordez, autoritateari kontra egiteagatik.

    - AGUSTIN TORANZO (Sevilla). Urtebeteko presoaldi txikia bazterrak nahasteagatik; eta beste urtebeteko presoaldi txikia eraso egiteagatik.

    - ASIER TERENCIO (Azkoitia). Urtebeteko presoaldi txikia bazterrak nahasteagatik.

    - PABLO HARILLO (Ronda). Bi agindu ditu BILATU ETA HARRAPATZEKO, 1992ko Expoan izandako gorabeherak bitarteko direla bat eta intsumiso izateagatik bestea. Hala, klandestinitatean da Pablo Harillo ere, beste intsumiso franko bezala. Lau bat urte kartzelan pasa beharko ditu harrapatzen badute.

    Horiek horrela direla, gure gaitzespenik gogorrena adierazi nahi dugu bazterrak nahastea eta eraso egitea leporatu eta Agustin Toranzo, Ivan Iglesias eta Asier Terencio LAU urte, bi hilabete eta hogeita bi eguneko gartzelaldia betetzera eta Sevillako Udalari 149.027 pezetako kalteordaina ordaintzera zigortzen dituen epaiaren aurrean. Gure elkartasuna adierazi nahi diogu, orobat, Pablo Harillori, bilatu eta harrapatzeko agindupean baitago intsumiso izateagatik, eta epaitukizun Sevillan gertatu zirenengatik.

    Zigor hau ez da pertsona jakin batzuei jarritako zigorra, kate luze baten segida da: jarraitze, zirikatze eta zapaltze soka bukaerarik gabeko azkeneko muturra. Gainera, hiru mailek egin dute jarraitzea, zirikatzea eta zapaltzea: politikak, poliziak eta epailetzak.

    Politika: salbuespen egoeran izan zen Sevilla 1992ko apirilaren lehenbizikoaz geroztik, nahiz eta ezkutatu egin nahi izan zuten. Galarazi eta kastigatu egin zituzten Amerika, bai lurraldea bera eta baita hango herriak ere, konkistatu eta kolonizatu zituzteneko V. mendeurrena ospatzearen kontrako ekintza guztiak. Ekitaldiak, manifestazioak, topaguneak, bidegabekeria zuzentzeko ekintza sinbolikoak, jaialdiak eta abarrak "V. mendeurrena ospatzearen kontrako komisioa"k eta "Ken diezaiogun mozorroa 92ari plataforma"k antolatu zituzten, eta baita galarazi ere guztiak Gobernuak Sevillan zuen eskuordekoak: Alfonso Garridok. Gobernuaren baimenik gabe egin ziren, beraz, han egin ziren ekitaldi guztiak.

    Polizia: Orduan adina gogor gutxitan ikusten da polizia. Gainera, INTSUMISOAren eta preso zeuden intsumisoen aldeko manifestizoen kontra ere gogor egin zuten, V. mendeurrenaren kontrako ekintzen eta manifestazioen kontra ez ezik. Begiratu besterik ez dago zer gertatu zen kalean egitea lortu zen ekitaldi bakar hartan -Fray Bartolome de las Casasi jarritako monumentuaren aurrean egindakoa aparte dela- zer gertatu zen, Rock kontzertua bukatu eta gero 500en bat lagunek Sevillako erdialdean barrena, aurrez ezer ere antolatu gabe, egindako manifestazioan zer gertatu zen, gutako asko izan baikinen poliziaren ankerkeriaren lekuko.

    Hiru pertsona zauritu zituzten balaz, eta beste 15 bala-azal ere jaso zituzten han, polizia nazionalek manifestazioan zihoazten pentsonen kontra egindako tiroenak. Manifestazioa eten ondoren, Sevillako erdialdean zebilen edozein atxilotu zuten, eta baita hurrengo egunetan ere, batere begiratu gabe atxilotu zuten jendea. Hala, 11 pertsona sartu zituzten, badaezpada, preso; kanpo-herrietako 38 pertsona bidali egin zituzten atzera; 88 detenitu; balaz zauritu 3; eta jende mordo handia zen tratu txarrak, mehatxuak, jipoiak... jaso zituena. Pinocheten diktadura garaiko kontua hobeto ematen du horrek, aurrerapenean eta demokrazian bizi den herrikoa baino, nahiz eta demokrazian eta arrunt aurrera bizi zen herrian geundela esaten ziguten komunikabideek.

    Izan ere, ikaragarri manipulatu zituzten komunikabideek 1992ko apirilaren 20tik 23ra Sevillan gertatu zirenak: aurrena, kaleko banda batzuen arteko liskarrak zirela esan zuten; eta, hurrena, ETAren inguruko jendeak sortutakoak zirela. Zapalketa zeinen basatia izan zen azaltzen ari zen eran berean ematen zituen Poliziak eta Barne Ministerioak bere bertsioak, aurrera eta zentzu gutxiagokoak.

    Epaileen jazarpena: hasieran oztopoa eta maratila besterik ez zen izan: artxibatu egin zituzten tiro egin zuten polizien kontrako auziak, nahiz eta 6 lekukotatik 5ek ezagutu egin zituzten tiro egin zuten poliziak, hortik atera kontuak. Azkenean berriz ireki dute polizien kontrako auzia. Neke baita bistan dagoena tapatzen.

    Agustin Toranzo, Ivan Iglesias, Asier Terencio eta Pablo Harillo paganteak besterik ez dira, izatez gobernuari eta poliziari ardura politikoak eta penalak eransteko adina badiren gertakari batzuen paganteak. Hartarako, ordea -ardura politiko-penalak eransteko- bota egin behar zaio baten bati kulpa, eta aitortu egin behar da biolentziaz aritu zirena. Edozein moduz ere, hor egia dena da animaliek bezala jokatu zutela poliziek, eta airera ez baina ematera bota zutela tiro, manifestazioan zebiltzanak ihesi zihoaztela korrika. Atzetik aurrera sartu zitzaizken balak zaurituei, bati ez beste guztiei, manifestazioak zeraman bidearen kontrara baitzetorren hura, eta, zaurituta zegoen pertsona bati laguntzen gelditu zelarik, sorbaldan eman zioten tiroa. Epaileek zigortutako pertsonek daukaten delitu guztia da poliziak zaurituta lurrean zeuden pertsonei laguntzen gelditzea, halaxe detenitu baitzituzten.

    Lezoko Udalaren biltzarrak, goian azaldutako gertakarien aurrean, bat egiten du zigortuekin, eta lehenbailehen libre uzteko eskatzen du".

    Jendearen arteko pertsona bati eman dio hitza alkateak, 92ko Expoan balaz zauritu zuten pertsona bati, hain zuzen ere. Auzia egiteko orduan erakundeek hartutako erabakiek izan dezaketen eragina azpimarkatu du hark.

    Hala, botazioa egin eta onartu egin dute mozioa. Alkatea, H.B.ko gainerako zinegotziak eta EAko bat izan dira alde, eta PSE/PSOEko bi zinegotziak abstenitu egin dira.

    Agustina Pontestak, HBko zinegotziak, utzi egin du bilkura, joan beharra zuela eta.

    5.- ALKATEAREN ETA ZINEGOTZI ESKUORDEDUNEN INFORMEAK.

    Alkateak esan du hilaren 18an izango dela, ezeren okerrik ez bada, Lopeneko etxeak eskuratzeko zozketa, lehen Jaizkibel-Azpi eta orain Lezo Herri-Eskola izena duen eskolako aretoan, goizeko 10etan.

    6.- GALDERAK ETA ESKAERAK.

    J.M. Botok galdera hauek egin ditu:

    1. II. Sektoreko herri-bidea hartzeaz esan du hobeto ez baina okerrago dagoela orain kontua, eta itxi ere egin dutela Olatzar baserriko bidea.

    Alkateak esan dio izanda daudela arkitekto asesorea eta aparejadorea han, egin dituzten etxeetan bizi izaten sartzeko lizentzia ematea dela-eta, eta jasoko dutela beren informeetan gorabehera horren berri ere.

    2. Ea Iturrinen (108. poligonoan) egiten ari diren eskonbreraz zerbait egin den.

    3. Ea zerbait egin den Algeposa egiten ari den obren gainean, edota ea egindakotzat utzi behar diren. Utzikeria galanta dagolea kontu horretan esan du, alkatearen eginkizunena eta ekin behar dioten beste guztiena.

    Alkateak, berriz, orain bi edo hiru bilkura emandako erantzuna begiratzeko esan dio.

    4. Ea zer egiten ari diren Euskal Herria plazan, eta ea zenbat kostatuko den orain egiten ari direna, lehen Construcciones Bruesek egindakoaren gainean egiten ari direna.

    Alkateak esan dio lehen ere azaldu zuela hori, aurreko osoko bilkuraren batean, eta egin asmo dutena Bruesek egindako obra patrimonializatzea dela, kiroldegiko kontratua bukatutzat ematearen ordainetan egindakoa. Beste alde batetik, esan du harri-txintxarra uztea baino egokiago jo zutela brea gorria botatzea zoruan, eta, obra egin baino lehen, argi gehiago jarri eta saneamendua egitea ere kontuan hartu zutela. Aitortu du, hala berean, aldaketaren bat egin egin beharko dela Udalaren Aurrekontuetan obraren kostua ordaintzeko, baina finantziazioa bermatuta dagoela.

    J.M. Botok, ordea, ea kontratua norekin egin den eta zenbat kostatu den galdetu du. Gobernu Batzordeetako aktak begiratzeko erantzun dio alkateak, hark erabaki zituela-eta kontratazioak.

    5. Ea kiroldegiko obrak geldirik dauden.

    Alkateak ezetz esan dio, ez daudela geldirik.

    6. Ea egia den obra asko eta asko zuzenean ematen ari direlakoa; eta hiru eskaintza behintzat eskatzeko esan du, nahiz eta obrak txikiak izan.

    Alkateak erantzun dio badakiela legeak jartzen duena: enkantera ateratzea bi milioi baino aurrekontu handiagoko obrak, zerbitzuak edo hornikuntzak hartu behar direnean. Halaz eta guztiz ere, agudo egin beharreko lana zela brea botatzea esan du, eta Guipasak daukala, lanak hartu dituen enpresak, brea botatzeko monopolio ia erabatekoa Gipuzkoan.

    7. Idazkariari galdetu dio ea apirilaren 19an egindako bilkurako 5. puntuan proposatu zituzten akordioa eta konponbidea legez ez zirela zuzenak esan zuenean legearen kontrakoak zirela esan nahi zuen.

    Txostena begiratzeko esan dio idazkariak, Udalbatzako bost zinegotzik eskaturik egingo duena, gaur errejistratu dutela-eta eskabidea.

    Jende artean zegoen pertsona batek galdetu du ea noiz bota behar duten brea Lezo Herri-Eskolako bidean, Jaizkibel-Azpi lehen. Alkateak erantzun dio Algeposarekin akordio bat iritsi zain dagoela obra hori egiteko.

    Pertsona horrek berak esan du egun jakinik ez badago izendatuta eskola berria egiteko, Antonio Pildain eskolako komunak eta jangela behintzat txukundu eta egokitu egin beharko direla, han egongo direlako haurrak urte batzutan.

    Alkateak esan dio hitz egingo duela horren gainean ere Hezkuntza Ordezkaritzakoekin laister izan behar duen bileran.

    AKTAREN BUKAERA.

    Aztertzeko beste gairik ez dagoenez, alkate-lehendakariak buru eman dio bilkurari, arratseko zortziak laurden gutxian (19:45). Idazkari naizen aldetik, akta jaso eta sendespena ematen diot, nik eta bilkuran izan diren zinegotziak izenpetu dugun akta honi.

    Eguna